Hiru adingabeko familia bat etxegabetu dute San Martin auzoan

Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 18:50
Ordubeteko epean, trasteak jaso eta etxetik alde egin behar izan du familiak. / @EtxeSindikatua

Etxebizitza Sindikatuak jakitera eman duenez, ostegun honetako eguerdian, hiru adingabe dituen familia bat etxegabetu du Udaltzaingoak, Gasteizko San Martin auzoko Pablo Neruda kalean.

Ostegun honetako goizean, hiru adingabe dituen familia bat Etxebizitza Sindikatuarekin jarri da harremanetan, "desesperatuta". Sindikatuko kideek azaldu dutenez, Pablo Neruda kaleko 3. zenbakira bertaratu direnean, Udaltzaingoaren dispositibo bat zegoen han, familiaren etxegabetzea gauzatzen.

Sindikatuaren arabera, familiak hileko alokairuaren ordainketa batzuk zor zizkion eraikinaren jabeari. "Hamar etxebizitza baino gutxiago izateagatik, jabea ez dute jabe handitzat aintzat hartzen, eta, beraz, etxegabetze prozedura epe oso laburrean egin ahal izan du", azaldu du Etxebizitza Sindikatuak.

Testuinguru horretan, udaltzainak eta epaileak etxebizitzara joan dira, eta atea bota dute familia etxetik ateratzeko. Etxebizitza Sindikatua, jasotako deiari erantzunez, etxegabetutako familia "babestu, lagundu eta aholkatzera" hurbildu da, baina, salatu dutenez, Udaltzaingoak "uneoro" galarazi die etxera hurbiltzea.

"Ez diete inolako bizileku aukerarik eskaini, eta ordubete baino gutxiagoan ahal zuten guztia jaso eta etxetik alde egin behar izan dute", deitoratu dute sindikatuko kideek. "Ez digute utzi gure lana egiten. Azkenik, ahal izan dugun guztia jaso dugu, eta familiari Larrialdietako Gizarte Zerbitzuetara lagunduko diogu, egoeraren berri emateko eta bizileku aukera duina eskatzeko".

Kaleratzeen moratoria

Etxebizitzaren Sindikatuak gogorarazi du Espainiako Gobernuak kaleratzeak aldi baterako geldiarazten zituen eta horniduren mozketak debekatzen dituen dekretua onartu zuela abenduaren 22an, eta, hala ere, horiek gauzatzen jarraitzen dutela ohartarazi dute. "Gure hirian isilean eta ia jakin gabe exekutatzen dira. Urtea hasi zenetik maiatzera arte, 40 etxegabetze gauzatu ziren gure hirian; hau da, kaleratze bat hiru egunean behin", salatu dute.

Beste kritika batzuen artean, Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi du, kasu honetan bezala, "jabe txiki" deiturikoen etxebizitzetan bizi diren pertsonek ezin dutela moratorioarik eskatu, eta "erabateko babesgabetasun egoeran" geratzen direla.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide