Gasteizko tenplu nagusiak bisitatzeko aukera zabaldu dute

Erredakzioa 2021eko uztailaren 17a

Besteak beste, katedral berria bisitatu ahalko da. ALEA

Elizbarrutiak antolatutako ibilbideetan San Migel, San Bizente eta Katedral berria bisitatu ahalko dira uztailean eta abuztuan. 

Iaz bezala, aurten ere Gasteizko tenplu nagusienak bisitatzeko aukera zabaldu du Gasteizko Elizbarrutiak. Tenpluen bisitak ez ezik, aurten Alde Zaharrean zehar egindako paseo bat ere bisitaldi multzoan sartu dute. Ars et fides izeneko ibilbide horrek bi ordu inguruko iraupena izango du, Elizak hiriko artean izan duen eragina nabarmentzeko.

San Bizenteren kasuan, dorrea ere bisitatu ahal izango da, eta Katedral berriaren bisitaldiaren barruan erantsiko dituzte beirateen inguruko azalpenak eta Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoari bisita. Katedral berrian terraza berria bisitaldietarako egokitu dutela oroitarazi dute, eta, San Bizente elizaren kasuan, zaharberritu berri duten dorretik hiriaren ikuspegi ederra ikus daitekeela gaineratu dute. 

“Bisitariek aukera izango dute arkitektura monumentala eta ezaugarri artistikoak ikusteko, eta baita eskultura, irudi, beirate eta erretaula sorta zabala ikusteko ere”, adierazi du Elizbarrutiak prentsa ohar batean. 

Elizbarrutiaren Arte eta Historia Ondareko sailak prestatu du ekimena, eta Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago