Salburua BHIko obren lizitazioa onartu du Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 18,7 milioi euroko aurrekontua izango du, erkidegoan hezkuntza-azpiegitura bat eraikitzeko egin den inbertsiorik handiena, eta etorkizuneko ikastetxeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zazpi lerro eta Batxilergoko lau lerro hartuko ditu.
Hainbat urteko atzerapenen ostean, obrak datorren urteko lehen hiruhilekoan hasiko direla iragarri dute, eta institutua 2024-2025 ikasturterako jarri nahi dute martxan; beraz, ikasleek bi ikasturte oso itxaron beharko dituzte institutua erabiltzeko.
Eraikina egingo den lurzatiak 19.985 m2-ko azalera du, eta 5.520 m2 eraikina okupatzeko erabiliko dira, Jokin Bildarratz hezkuntza sailburuak azaldu moduan. Azalera horren gainean, hiru solairuko eraikina egingo dute, guztira 11.822 m2-takoa.
Eraikinaren barruan, 36 gela, teknologiako hiru tailer, informatikako hiru gela, hiru laborategi, plastikako bi gela, marrazketa-gela bat, liburutegi bat, gimnasio bat, erabilera anitzeko bi gela edo praktika-gela bat egongo dira, besteak beste, aurreikusi dutenaren arabera.
Halaber, institutu berriak 1.010 m2-ko pista estali bat, 1.161 m2-ko atari estalia eta 1.800m2-ko kanpoko kirol-pista izango ditu.
Jarraipena "gertutik"
Urte hauetan izandako atzerapenen ondorioz, eskolako familiek beren "ezinegona" adierazi dute hainbat protestatan. Aintzira Guraso Elkarteak, berriki Salburua HLHI ikastetxearen aurrean egindako prentsaurrekoan, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketaren aurrean kritika adierazi zuen.
Salburua eskola 2011n ireki zuten, eta hamarkada bat igaro ostean, derrigorrezko hezkuntzaren bigarren ziklora igarotzeko ikasleek behar duten instituturik ez dagoela oraindik martxan salatu dute. Hala, Salburua zein Errekabarri ikastetxeetako haurrak hazi eta zentroz aldatu behar direnean, auzotik kanpo joan behar direla nabarmendu dute, ia bi kilometrora dagoen Koldo Mitxelena institutura.
Salburuko guraso elkartetik, albistea jakin berri, aurreikuspen falta izan dela nabarmendu dute, eta "atzerapen berrirrik" izan ez dadin gertutik jarraituko dutela.