Granadarako bidean da Koldo Mitxelenak egindako satelite txikia

Juanma Gallego 2021ko uzt. 13a, 12:40
Koldo Mitxelena ikastetxeko ikasleek prestatu dute gailua. KOLDO MITXELENA

Ostegunean egingo dute jaurtiketa, eta ikasleek telemetria bitartez jasotako datuen interpretazioa egin beharko dute. 

Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxe publikoko ikasleek prestatutako CanSat satelitea Granadarako bidean dago jada. Dena ondo bidean, asteazken arratsaldean sartuko dute suziri txiki batean, lehiaketan parte hartzen duten beste erkidegoetako irabazleek landutako sateliteekin batera. 

ESA Europako Espazio Agentziak bultzatutako egitasmoak freskagarri lata baten tamainako satelitea eraikitzeko erronka proposatu die Europa osoko ikasleei, zientzia eta teknologia bultzatzea helburu duen STEM filosofiaren barruan. Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Koldo Mitxelena ikastetxean landutako proiektua izan da irabazlea, eta beste erkidegoetako finalisten aurrean haien satelite txikiaren balioa defendatu beharko dute. Hiru suziri botako dituzte, eta, horietako bakoitzak hiruna satelite txiki eramango ditu, denak freskagarri lata baten tamainakoak.

"Ostegunean, suziri bakoitza bota ondoren eta satelitea jaisten den bitartean, ikasleek datuak jasoko dituzte, eta ondoren horiek interpretatu beharko dituzte epaile baten aurrean", azaldu du Idoia Zapirain irakasleak. Kilometro bateko erorian, gailuak atmosferako zenbait parametro neurtuko ditu. Talde irabazlea irailean egin behar den Europa mailako finalera igaroko da.

AVS enpresak satelitean doan plaka bat egin die. "Laguntza handia eman digute, oso trebatuta daudelako halakoetan. Pentsa ezazu beraiek ere hainbat pieza egin dituztela Martera bidalitako azken roboterako", nabarmendu du Zapirainek

Ikasleak oso pozik daudela adierazi du Zapirainek. Satelitea ondo iristen dela ziurtatzeko, mezularitza enpresa baten bitartez bidali dute, eta Granadako hotelera ere deitu dute ziurtatzeko ondo iritsiko dela. "Horrela egin behar izan dugu aireportuan arazorik ez izateko. Batetik, beti dagoelako maleta garaiz ez iristeko arriskua. Bestetik, aireportuko kontroletan ere agian azalpenak eman beharko genituzke, ea elektronika eta kable horiek guztiak zertarako ote diren". 

Proiektuan gogo eta ilusio asko jarri duten arren, ikastetxerako ahalegin ekonomiko handia ere badela erantsi du irakasleak. Izan ere, lehiaketaren antolakuntzak hoteleko gau bat baino ez die ordaintzen, eta beste gaua eta zortzi lagunen bidaia ikastetxeak ordaindu beharko ditu. Bestetik, sare sozialen bitartez ere hasiak dira Jaurlaritzari eskatzen proiektua ikusarazten laguntzeko, ikastetxeko kideak haien kabuz egiten ari direlako ahalegin guztia. "Ikastetxe pribatu askok komunikazio teknikariak dituzte, baina, ikastetxe publikook horrelakorik ez dugu", deitoratu du irakasleak.

Erlazionatuak

Satelitea, Granadara bidean

Anakoz Amenabar 2021 mar 25 Gasteiz

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide