Satelitea, Granadara bidean

Anakoz Amenabar 2021ko mar. 25a, 08:00
Koldosat taldeko ikasle eta irakasleak, joan den igandean, Los Arcosen. / Koldosat

Europako Espazio Agentziaren erronkari heldu diote Koldo Mitxelena institutuko ikasleek, eta freskagarri baten tamainako satelite bat egin dute; Nafarroako proba gaindituta, Granadan dute hurrengoa.

Hamaika taldetan banatuta, Hego Euskal Herriko 60 ikaslek parte hartu dute igandean Los Arcos (Nafarroa) zirkuituan antolatutako lehiaketan, zientzia eta teknologia sustatzen dituen Cansat  programaren III. edizioan. Freskagarri baten tamainako satelite bat aurkeztea izan dute erronka; espazio txiki horretan benetako satelite baten azpisistema nagusiak sartzea helburu. Eta lan horretan fin aritu da Gasteizko Koldo Mitxelena institutuko Koldosat taldea; Iturramako (Iruñea) Scantnik taldearekin batera, uztailean Granadan izango dira beste hainbatekin lehian.

Europako Espazio Agentziaren ekimenez, Cansat proiektua Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago, eta teknologia, fisika eta programazioko gaiak biltzen ditu, lankidetza eta talde-lana sustatzeko. Koldo Mitxelena institutuan joan den apirilean hasi ziren irakasleak prototipoa eraikitzen, eta ikasleak irailean batu ziren beharrera. Teknologiarekin batera, beste hainbat ikasgai ere jorratzen direla gogoratu du Asier Barquero irakasleak ALEA FM saioan: "Steam proiektu bat da hau, eta, beraz, beste ikasgai batzuek ere parte hartzen dute; fisika-kimikan, esate baterako, erorketa abiadura kalkulatu behar zuten, marrazketan diseinua egin zuten, ingelera ere oso garrantzitsua da lanaren aurkezpena egiteko...".

Burukomin eta haserre momentuen gainetik, lantaldea pozik aritu dela aipatu du Barquerok: "Hori da guretzat garrantzitsuena. Ikasleek oso ongi pasa dute, eta, gainera, proiektu konplexu bati aurre egiten ikasi dute; askotan noraezean zabiltzala dirudi konponbidea bilatu arte, eta hor ere ikasketa polita dago".

Europako lehiara

Satelitea prest, suziri baten laguntzarekin 450 bat metroko altitudera jaurti zuen joan den igandeko lehiaketan Koldosat taldeak, Galder Iriondok, Izaro Rubiok, Asier Pagolak, Mikel Garciak, Sergio Gomezek eta Asier Crespok osatutako taldeak. Kalterik gabeko lurreratze bat lortu, eta jaitsieran bildutako datuak aztertzea zen xedea. "Epaimahaiak nahikotxo baloratzen du proiektuaren inguruan egin duzun zabalpena; ez da soilik sateliteak ongi funtzionatzen duela ikustea, proiektu osoa baloratzen dute". Esan eta egin. EAEko lehenengo saria Koldo Mitxelenera ekarri dute; Granadan izango dute hurrengo hitzordua, uztailean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide