Adurtzako bizilagunei eta beste udalerri batzuetatik hirira doazen pertsonei emango die zerbitzua Iturritxu kalean, Gasteizko Mendatearen sarreran, Udalak jarriko duen aparkaleku berriak. Zehazki, Iturritxu kalearen eta A-2124 errepidearen artean dagoen lursail berde batean sortuko da, Lidl supermerkatuaren ondoan. Dagoeneko lehiaketara atera dituzte obrak, eta lanek sei hilabete iraungo dituztela aurreikusi dute.
423.663,82 euroko inbertsioa egingo da, eta Gasteizko lehen "aparkaleku naturalizatua" izango da. Alegia, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak aparkaleku berezia diseinatu du, paisaia-integrazioaren aldetik "sentiberatasun handikoa".
Lau aparkaleku multzo osatuko dira berdegune baten barruan, 3.000 metro koadroko azalera batean orotara 101 leku sortuz. Plaza horietatik hiru mugikortasun urriko pertsonentzat bakarrik izango dira, eta lauk karga elektrikoko puntuen aurreinstalazioa izango dute. Autoek belar-lauzen gainean aparkatuko dute, eta zirkulatzeko bideak baino ez dira asfaltatuko. Gainerako zatia lorategi itxurakoa izango da, putzu txikiz hornitua (euri-urak hartzeko), eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, ingurunearen biodibertsitatea kontuan hartuz. Led teknologian oinarritutako argiteria sistema berria ere jarriko da aparkaleku berrian.