Haserrea piztu du "etxegabetzeak saihesteko" Gasteizko Udalaren Mikasa egitasmoak

Erredakzioa 2021ko uzt. 8a, 20:17
Sare sozialetan polemika handia eragin du Udalaren proposamenak. / ALEA

Mikasa programak "baliabide ekonomikoak kudeatzen" irakatsiko die Gasteizko familiei, "etxegabetzeak saihesteko". Egitasmoak erreakzio ugari eta Udalaren etxebizitza politikaren aurkako kritika gogorrak eragin ditu.

Elkarrekin udal taldearekin aurrekontuen inguruan lortutako akordioaren barruan, Gizarte Politiken Sailak Mikasa izeneko programa jarriko du abian irailean, "familiei dituzten baliabide ekonomikoak kudeatzen irakasteko eta etxebizitza gal dezaten eragozteko", Gasteizko Udalaren prentsa oharraren arabera.

100.000 euroko aurrekontua izango duen programaren helburua da "baliabideen kudeaketa txar batek ekar dezakeen bizitegi-bazterketa prebenitzea, pertsonek edo familiek diru-sarrera txikiak dituztenean edo baliabide ekonomiko aski izan arren horiek oker erabiltzen dituztenean".

Bi prebentzio-maila aurreikusi ditu programak: alde batetik, arrisku egoeran dauden familiak, "alarma pizten duten egoerak antzeman direnean, esaterako, aurrekontuaren %50etik gora etxebizitza ordaintzeko erabiltzea edo oinarrizko zerbitzuen ordainketan zorrak izatea"; bestetik, "kudeaketa ekonomiko eskas baten ondorioz etxea utzarazteko jakinarazpena jaso duten edo aurretik etxebizitza galdu duten bizikidetza-unitateak".

Kasu horietan, Udalaren gizarte zerbitzuek gizarte integratzaile baten laguntza eskainiko diete familiei, "aurrekontua egoki administratzeko" behar diren gaitasunak irakasteko: besteak beste, familia aurrekontua lantzen eta doitzea, oinarrizko erosketak egiteko prezioak alderatzea, telefono eta aseguru konpainien eta abarren prezioak alderatzea, etxebizitzaren bilaketa aktiboan jardutea, baldintza ekonomiko onenak aurkitzea, mailegu pertsonalen sistema ezagutzea, familiaren gastua kontrolatzeko doako aplikazio mugikor bat erabiltzea, edota menuak lantzea "haien elikaduran eragin positiboa izan dezan".

Esku hartzeak banakakoak izango dira, helduei zuzendutakoak eta gehienez ere lau hilabetekoak, baina taldekako jarduerak ere antolatuko direla azaldu du Udalak. Besteak beste, Kontsumobidek erosketa saskiari eta etxeko ekonomiari buruzko bi prestakuntza saio eskainiko ditu, eta Goienerrek energia hornikuntzaren fakturak aztertzen irakatsiko du.

Kritikak

Asteartean udaletxean aurkeztu zuten Gizarte Politiken Saileko zinegotzi Jon Armentiak (PSE) eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Gema Zubiaurrek. Egun horretan Armentiak Twitterren idatzitako txioak hamabi birtxio, hamaika atsegite eta 313 txio aipatu izan ditu orain arte.

Erantzunetan, txiste batzuk eta Udalak etxebizitzaren arazoaren inguruan daraman politikaren aurkako kritika gogorrak topa daitezke. Jatorrizko txioa bezala, erantzun gehienak gaztelaniaz idatzitakoak dira, baina horietako batzuk bildu ditugu ALEAn:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide