Hiru urteko lanaren emaitzak argia ikusi du: Bizkor 01, EHUko Arabako campuseko ikasleek Luis Barreirok gidatutako Formula Student Vitoria (FSV) proiektuaren barruan diseinatu eta eraiki duten monoplaza elektrikoa. Gaur goizean, taldeko kideek eta entitate sustatzaileek aurkeztu dute, eta, ondoren, 18:00ak arte ikusgai jarri dute Andre Maria Zuriaren plazan.
Ibilgailua abuztuaren 3ko astean lehiatuko da Montmelon (Katalunia), Formula Student Spain unibertsitate mailako txapelketaren barruan. Proiektu horren barruan, ikasleek elektrizitatez edo erregaiz dabiltzan monoplazak diseinatu eta eraikitzen dituzte, gero 1 Formulako zirkuituetan lehiatzeko.
Proiektua sustatu eta finantzatu duten entitateetako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean: besteak beste, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez, EHUko errektore Eva Ferreira, Vital Fundazioaren lehendakari Jon Urresti, eta BIC Arabako zuzendari David Montero.
EHUko Arabako campuseko hainbat zentrotako ikasleek sortu dute Bizkor 01. Gasteizko Ingeniaritza Eskolako lau ikaslek esperientzia zuten sektorean, eta lehiaketarako taldea sortzea erabaki zuten. Ondoren, EHUko maila ezberdinetako beste ikasle batzuk batu ziren proiektura, talde handiago bat osatuz.
Ibilgailu elektrikoa "bizitza errealera" hurbiltzeko helburuarekin, lankidetza sare lokal bat osatu dute hiru urte hauetan, tokiko enpresekin, erakundeekin, lanbide heziketako zentroekin eta ikastetxeekin. Gainera, taldea osatzen duten sail guztiek estatuko zein nazioarteko 60 enpresa baino gehiagorekin egin dute lan. "Denek ulertu zuten hasieratik FSVitoria lantegi bateko hormetatik harago zihoala, eta gazteen ekintzailetzak, berrikuntzak, enpresa-unibertsitatea harremanak eta beste balio batzuek apustu sendoa merezi zutela", azpimarratu du Udalak.
Formula Student proiektuan, taldeak lasterketarako prestatzen dira eta, gainera, automobilen lehiaketen alorreko enpresetako goi-kargudunek ebaluatzen dituzte hainbat alderditan: negozio eredua, kostuen analisia eta ingeniaritza kalkuluak. Ibilgailuaren proba dinamikoetan alderdi hauek puntuatzen dira: azelerazioa, birarik azkarrena, erresistentzia eta efizientzia.
Talentua babestea
Gasteizko alkateak ikasle horien lana txalotu du: "Udaletik Gasteiz Green Deal bultzatzen ari gara, hiriak bere ekonomia eta jasangarritasun ereduan aurrera egitea ahalbidetuko duten ekimen eta proiektu berritzaileekin. Proiektu honek bi kontzeptuak batzen ditu: ekimen berritzailea da gure hiriarentzat oso garrantzitsua den automobilgintzaren alorrean; gainera, proposamen jasangarriago batean oinarritzen da, ibilgailu elektriko batekin, lehiaketa honetan elementu bereizgarri garrantzitsua baita".
Horrekin batera, "talentua babestea gure etorkizunerako funtsezkoa" dela azpimarratu du Gorka Urtaranek.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!