Uztailarekin batera, Oihaneder Euskararen Etxeak Kortxeak & Krispetak musika eta zinema zikloaren zazpigarren edizioari ekin dio. Ohi bezala, zikloa Laboral Kutxak babestu du, eta Filmazpit egitasmoarekin batera antolatu da, film guztiek euskarazko azpidatziak izan ditzaten.
Programaren barruan, hiru film eskainiko dira hileko lehen hiru asteazkenetan (uztailaren 7an, 14an eta 21ean), 19:00etan Ortuño aretoan; musika eta musikariei buruzko dokumentalak dira hirurak.
Zikloa ixteko, gainera, Dupla talde aguraindarrak kontzertua eskainiko du hileko azken ostiralean, uztailaren 30ean, 20:30ean Falerina Lorategian. Nekazal ingurune batean musika urbanoa egiten duen taldea da Dupla, eta bertan aurkeztuko dute Mundua geldi lana. Hitz esplizituak erabilita, ikutu elektronikoa zein hip-hopa nahasten dituen pop musika da beraien marka. Zuzenekoetan, ahotsa zein bateria, elektronikaren indarrarekin nahasi eta antzerkiaren antza duen espektakulu bisuala sortzen dute.
Saio eta espazio guztiak pandemiak eragindako egoerara egokituko dira. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aurrez hartu beharko dira astebeteko aurrerapenaz, Oihanederren ohiko bideak erabilita.

The Rise of the Synths
Zikloa gaur bertan, uztailaren 7an, hasiko da, Ivan Castellek zuzendutako The Rise Of The Synths filmarekin. Synthwave (Outrun edo Retrowaveere deitua) izeneko eszena musikal baten sustraietara egiten du bidaia filmak. Musika elektroniko modernoaren eta 80ko hamarkadako pop kulturaren nostalgiaren arteko nahasketa ageri da bertan.
Azken urteotan, Interneteko foroetan joera diskretu bat izatetik, sare sozialetan milioika erreprodukzio dituen azpikultura bat izatera pasa da, mainstreamean eragin geldiezinarekin. John Carpenter ikonikoak kontatua, filmak nostalgia eta musika, sormen prozesuak eta erreferentzia kulturalak, birjabetzea eta bidezko sorkuntza uztartzen ditu.
STIV
Uztailaren 14an Danny Garciaren STIV filma emango dio jarraipena zikloari. Stiv Batorsen bizitzaren errepaso sakona egiten du filmak, Cleveland, New York, Londres eta Paris ardatz nagusi gisa hartuta; izan ere, sexu, droga eta dezibelio bidezko rock 'n' roll bizimoduaren debozio itsuak markatutako punk rock amerikarraren estandartea da bera.
Bere idoloen (Alice Cooper, Iggy Pop, Jim Morrison) balentriak errepikatzeko grina eta irudi publiko basati eta autosuntsitzaile batek nortasun samurra, ahula eta haur-izaera ezkutatzen zituen. Dokumentalak berarekin jo zutenen ahotsak biltzen ditu, glam, punk, eta rock gotikoaren izen handien desfilea bilakatuz, Generation X, The Clash, Sham 69 edo Barracudas bezalako taldeekin.
Searching for Sugar Man
Hirugarren eta azken filma uztailaren 21ean eskainiko da: sare sozialetan erabiltzaileek aukeratutako Searching for Sugar Man filma, hain zuzen ere. 60ko hamarkadaren amaieran, Sixto Rodriguez, musikari misteriotsu bat, Detroiteko taberna batean bere doinu hunkigarriekin eta bere letra profetikoekin liluratuta geratu ziren bi ekoizlek aurkitu zuten. Bi disko grabatu zituzten, artista bere belaunaldiko handienetakoa bihurtuko zela sinetsita.
Hala ere, arrakasta ez zen inoiz iritsi, eta abeslaria desagertu egin zen bere buruaz beste egitearen inguruko zurrumurruen erdian. Bien bitartean, diskoetako bat Apartheid-aren Hegoafrikara iritsi zen eta herrialde osoan zehar zabaldu zen grabazio piratetan, Rodriguez askatasunaren eta sistemaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zuena. Handik denbora luzera, Hegoafrikako bi jarraitzaile Rodriguezekin zer gertatu zen jakin nahian ibili ziren, eta euren ikerketak aparteko istorio bat ezagutzera eraman zituen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!