Euskal kulturaren uretan murgilduko da Oihaneder uda honetan

Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 13:30
Udako kultur programazioa aurkeztu du Oihaneder Euskararen Etxeak. / ALEA

Kontzertuak, zinema, musika, lehiaketak, zozketak, antzerkia eta familia jarduerak izango dira Oihaneder Euskararen Etxean uztailetik irailera bitartean. Besteak beste, Oporklik! argazki-hizki lehiaketa antolatuko dute Gauekoak eta ALEArekin batera.

Uztailean sartzearekin batera, Oihaneder Euskararen Etxea uda honetako kultura eskaintza oparoan murgilduko da. "Arrainak bezala uretan murgildu, eta euskal kulturaren barruan igeri egin gose hori berdindu eta asetu arte", hori izango da Oihanederren eskaintzaren asmo nagusia.

Horretarako, anitza eta zabala izango da prestatutako egitaraua: kontzertuak, zinema, musika, lehiaketak, zozketak, antzerkia eta familia jarduerak; denetarik, uztailean hasi eta irailera bitartean. Jardueretan parte hartzeko gonbidapenak eskatu beharko dira astebeteko aurrerapenaz.

"Uda honetan bizi gosea barreiatuko da bazter guztietan, zalantzarik gabe. Urte latza izan da, eta txertoen hedatzeak zirrikituren bat uzten badu, hortik sartuko gara guztiok, bitan pentsatu gabe. Iazko itxialdiaren ondoren, zorionez, Oihaneder Euskararen Etxean etenik gabeko kultur eskaintza egin izan da, eta harrigarria izan da zein harrera ona izan duten proposamen guztiek; jendea kultura gosez dago, eta hori eskertzekoa da, izugarri", azaldu dute.

Horrez gain, aniztasuna oinarri hartuta, sei arlo ezberdinetan antolatu dira proposamenak hurrengo hiru hilabeteetan: lehiaketak, deialdiak, filmak, kontzertuak, antzezlanak eta familia jarduerak. Jarduera bakoitzaren informazio xeheagoa ekitaldi bakoitza heldu ahala jakinaraziko dute, ohiko bideak erabilita.

Segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantzia eta edukieraren kontrola, besteak beste) bermatzeko neurriak hartuz antolatuko dira jarduera guztiak, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dituzte jarduerak modu egoki eta seguruan egiteko. Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak hartu beharko dira www.oihaneder.eus webgunean, telefonoz edo oihaneder@oihaneder.eus posta elektronikoa erabilita, astebeteko aurrerapenaz.

Egin leku musikari hasiberriei

Iaz arrakasta handiz abian jarritako Egin leku! musikari hasiberrientzako plaza aurten ere martxan jarriko da. Musikaren munduan lehen urratsak eman, eta taula gainera salto egin nahi duten artistei zuzenduta dago deialdia. Jakina da pauso hori eman ez duten musikari ugari daudela, eta deialdi honek behar duten bultzadatxoa emango die. Iaz Deñe, Aitor Regueiro, Lorea, Maialen Aristegi, Urko Buruaga eta Ihana izan ziren aukeratuak eta Oihanederren beren lanak aurkeztu zituztenak.

Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 1ean irekiko da eta 25era arte egongo da zabalik (biak barne). Kontzertuak urrian hasiko dira, eta bi hileko maiztasuna izango dute.

Belar Sounds, kontzertuak aire librean

Musikarekin jarraituz, Belar Sounds programaren hirugarren edizioa ospatuko da aurten, aire libreko sei kontzertuz osatua. Falerina lorategian musika estilo ezberdinetako taldeek beren lanak erakutsiko dituzte udako hainbat asteburutan. Ekainaren 26tik irailaren 11ra bitartean, Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeen kontzertuak izango dira.

Aurten, lehen aldiz, Oihaneder Euskararen Etxea eta Montehermoso Kulturunea elkarlanean ariko dira programa honen antolakuntzan.

Kortxeak eta krispetak

Ondoren, musika eta zinema uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak zikloaren edizio berri bati hasiera emango zaio. Uztaileko hiru asteazkenetan 19:00etan emango dira musikari handiei buruzko filma dokumentalak; aurten ere kulturunearen barrualdean egin beharko dira, Ortuño aretoan. The Rise Of The Synths, Stiv eta Searching for Sugar Man filmek osatuko dute aurtengo egitaraua.

Horrez gain, eta jaialdiari bukaera emateko kontzertua antolatuko da Falerina lorategian, Aguraingo Dupla talde esanguratsuarekin.

Oporklik!

Lehiaketek ere izango dute bere lekua udako programazioan: Oporklik! argazki-hizki lehiaketak, kasu. "Indarra batasunak egiten duela sinetsita, eta eragile euskaltzale ezberdinekin elkarlanean antolatutako jarduerek eragin eta arrakasta zabalagoa dutela ikusita", udan zehar Oihanederren antolatu izan den argazki-hizki lehiaketa aurten ALEArekin eta Gauekoak aisialdi-programarekin batera antolatu da. Lehiaketa berritua, parte hartzeko bi modu eta sari ederrak izango ditu.

Irri-barra, iluntze umoretsuak

Ostegun iluntzetan, berriz, umorea izango da nagusi. Izan ere, Irri-barra gauetako saioekin ilunabarrak irribarrez beteko dira Oihanederren: aurten bi saioz osatutako egitaraua osatu da, abuztuan eta irailean. Aktore euskaldun ezagunak gerturatuko dira Falerina lorategira: Esti Curiel, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara.

Familientzako jarduerak

Etxeko txikienei dagokienez, iraileko lehen asteetan, Dona-dona katona egitarauaren barruan, txikienak hazteko eta nagusienak gaztetzeko lantegiak eskainiko ditu Txatxilipurdi elkarteak, oraingo honetan naturak eskaintzen dituen baliabideak erabilita.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide