Gautxori zerbitzua berreskuratuko du Tuvisak

Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 12:50

Pandemiaren aurretik zeuden gaueko lineei eragingo diete hobekuntzek. / ALEA

Ostiraletik aurrera, gaueko hirurak arte funtzionatuko dute Tuvisaren gaueko autobusek.

Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako azken araudi aldaketetara egokituta, Tuvisak Gautxori zerbitzua berreskuratuko du gaurtik aurrera. Pandemiaren aurretik zeuden gaueko sei lineei eragingo diete hobekuntzek: hau da, G1 - Lakua - Abetxuku, G2 - Adurtza-Salburua, G3 - Armentia - Zabalgana, G4 - Sansomendi-Lakua eta G6 - Salburua-Aranbizkarra. Ordutegi berriek aldaketa txikiak izango dituzte eta Udalaren webgunean kontsulta daitezke.

Salbuespen bat egongo da, halere: datorren ostiralean, uztailaren 9an, ez da Gautxori zerbitzurik izango, San Kristobal eguna dela eta; izan ere, enpresa hitzarmenaren arabera, egun horretan zerbitzua murriztu egiten da.

Enpresak eta langileen batzordeak ostegunean egindako bileran adostu zuten Gautxori zerbitzua berreskuratzea. Akordio horrek aukera ematen du hitzarmeneko puntu batzuk aldatzeko eta lanaldiak egokitzeko, horren bitartez gaueko zerbitzu murriztua eskaintzeko indarrean dagoen lege araudiak irauten duen bitartean.

"Eskerrak eman nahi dizkiegu langileei akordio hau lortzeko erakutsi duen jarrera onagatik. Positiboa da Gasteizentzat eta baita gure hiriko garraio publikoa berreskuratzeko bidean jarraitzeko ere", adierazi du Raimundo Ruiz de Escudero Tuvisako presidenteak. "Ahalegin handia egingo dugu Gautxori zerbitzua berreskuratzeko eta, hartara, herritarrei laguntzeko, oro har, baita Gasteizko gaueko jarduera ekonomikoari ere".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide