Tokiko artisautzari leku egingo dio Lanberri azokak

Erredakzioa 2021eko uztailaren 2a

Arlo desberdinetako artisauak izango dira azokan. / Alea

Eskulangintza ezberdinetako 14 saltoki irekiko dira Independentzia kalean, larunbatetik aurrera.

Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, Arabako hiriburuan egiten den lehen azoka izango da Lanberri, Gasteizko Udala eta Artisau Araba artisautza elkartearen eskutik. Uztailaren 3an hasi, eta 11ra arte, askotariko lanbideekin lotutako hamalau saltoki jarriko dituzte Independentzia kalean.

Eskulangintzarena da azken urtean bide berriak asmatu behar izan dituzten sektoreetako bat, eta Lanberri azokak eskulangileen lana bistaratuko du, haiek landutako produktuen salmentaren bidez. Besteak beste, arlo hauekin lotutako produktuak aurkitu ahalko dira: zeramika, ehungintza, kosmetika, egurra, erretxina edo estanpazio botanikoa.

Azoka egunero irekiko da, 11:00etatik 14:00etara zein 17:30etik 21:30era, uztailaren 11n izan ezik, egun horretan bakarrik goizean irekiko baita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago