Jardueraz beteriko uda Estibalizko santutegian

Erredakzioa 2021ko eka. 30a, 11:40
Pintxo-pote berezi batekin inauguratuko dute udako denboraldia. / @AlavaMedieval

2020an halabeharrez egindako etenaldiaren ostean, Erdi Aroko Araba egitasmoak Estibalizko udako jarduera tradizionalei berrekingo die uztailean. Kontzertuak, jardunaldiak, bisita gidatuak eta beste sorpresa asko izango dira.

Bada garaia berriz ere Estibalizko santutegia bizitzaz betetzeko, eta Erdi Aroko Araba proiektuak jarduera sorta oparoa prestatu du aurtengo udarako, Vital Fundazioarekin eta Udapa kooperatibarekin elkarlanean.

Lehen hitzordua uztailaren 8an izango da, Cantaderas ahots taldeak eliza erromanikoan eskainiko duen hitzaldi ilustratuarekin. Bertan, artistek Erdi Aroko musika eta XX. mendeko musika tradizionala nolakoa zen azalduko dute, abestutako adibideetan oinarrituta.

Hilaren 17an, Pater tabernako terraza Mitoen eta Kondairen I. Jardunaldiaren agertoki bihurtuko da, Enrique Etxazarra, Pablo Vergel eta Israel Espinoren ahotsekin eta La Posada del Cuervo podcastaren zuzeneko grabazioarekin.

Abuztuaren 21ean, Erdi Aroko Araba taldea muinora iritsi zeneko bosgarren urteurreneko festaren barruan, Estibaliz Neonymous artistaren kontzertua izango da, aire zabalean. Hain zuzen ere, bere azken diskoa Estibalizko santutegian grabatu zuen, eta bertara itzuliko da lana aurkezteko.

Bisita gidatu bereziak

Uda osoan zehar, gainera, bisita gidatu bereziak izango dira. Besteak beste, Gasteizko Turismo Bulegoaren laguntzari esker, Harburuen misterioa familiako bisita gidatuaren paseak egingo dira, txikienek santutegiaren historia eta bitxikeriak ezagutu ditzaten pertsonaia dibertigarri batzuen bidez. Bisita honen emanaldiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, uztailaren 3an eta 10ean eta abuztuaren 7an eta 14an.

Bestalde, Estibalizko damak izeneko bisita gidatua ere egingo da, uztailaren 8an eta 10ean eta abuztuaren 21ean, euskaraz eta gaztelaniaz. Genero ikuspegiarekin gidatutako bisita horretan, XII. mendean Estibaliz sortu zuten damak eta erromanikoko emakumeak ezagutzeko aukera izango da.

Udako ordutegiak

Uztailean, udako ordutegiak hasiko dira Arabako Erromanikoaren Interpretazio Zentroan eta Pater tabernan. Hortaz, Interpretazio Zentroa larunbat eta igandeetan irekita egongo da 11:00etatik 13:30era, eta, uztailaren 15etik abuztuaren 27ra bitartean, arratsaldez ere, 17:00etatik 19:30era.

Uztailean eta abuztuan, Pater tabernak honako ordutegi hauek izango ditu: asteartetik ostiralera 16:00etatik 21:00etara, eta asteburu zein jaiegunetan 10:00etatik 21:00etara. Gainera, udako denboraldiari hasiera emateko, ostegun honetan bertan, uztailaren 1ean, pintxo-pote berezia izango da Paterreko terrazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide