Osasun garraioko langile baten aurka arma zuriz egindako erasoa salatu dute

Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 18:31
Joan den ostiralean, ekainaren 25ean, gertatu zen erasoa. / Artxiboko irudia

Osasun garraioko langile bati arma zuriz eraso egiten saiatu ziren ostiralean Gasteizen, borondatez kontrako lekualdaketa bat egiten ari zela. ELA sindikatuak "onartezina" dela salatu eta administrazioaren "pasibotasuna" kritikatu du.

Joan den ostiralean, ekainaren 25ean, 22:30ak aldera, azpikontratatutako osasun garraio zerbitzuko langile bat labanaz erasotzen ahalegindu ziren, borondatez kontrako lekualdaketa bat egiten ari zela. Izan ere, eraso egin zion pertsona ospitalera eraman behar zuten intoxikazio eta agresibitate egoera larrian.

"Langileak ez zuen aldez aurretik horren berri izan, ez zuen egoerari buruzko benetako informaziorik jaso, ezta Ertzaintzaren beharrezko laguntzarik ere", azaldu du ELA sindikatuak, gertatutakoa ikertzeko eta "are okerrago bukatu zitekeen gertakariaren inguruko erantzunkizunak hartzeko" eskatuz.

"Premiazkoa da egindako koordinazio akats larriak zehaztea, prebentzio neurri oinarrizkoenak hartu gabe egin baitzen, zerbitzu motari buruzko aurretiko informaziorik gabe, eta ondorengo estaldurarik gabe, maila guztietan. Horrela, gure lankideak bakarrik eta laguntzarik gabe ikusi zuen bere burua, bere osasuna eta bizitza jokoan zirela", kritikatu du sindikatuak.

ELAren ustez, "onartezina da azpikontratatutako osasun garraioaren sektorean erasoak izateko arriskua eguneroko errealitate bihurtu izana; are gehiago Administrazioaren, Herrizaingo Sailaren eta Larrialdietako Zuzendaritzaren pasibotasunarekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide