Herritarren 200 proposamen jaso ditu Gasteizko Udalak, Hobetuz programaren bidez

Erredakzioa 2021ko eka. 25a, 10:00

Borja Rodriguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia. / GASTEIZKO UDALA

Hobetuz programara ideiak aurkezteko epea datorren astelehenean amaituko da, baina dagoeneko 200 proposamen jaso dira. Gasteizko Udalak 3 milioi euroko aurrekontua erreserbatu du herritarrek egindako proposamenak gauzatzeko.

Gasteizko Udaleko Partaidetzaren eta Gardentasunaren Zerbitzuak sustatutako aurrekontu parte-hartzaileen Gasteiz Hobetuz programak 170 proposamen jaso zituen aurreko edizioan. Aurten, ordea, 200 proposamen jaso ditu dagoeneko, epea ekainaren 28an amaituko den arren; hau da, oraingoz, aurreko edizioan baino 30 proiektu gehiago.

"Aurtengo edizioa arrakastatsua izaten ari da parte hartzeari dagokionez, eta oraindik bada ekarpenak egiteko denborarik. Gasteizko bizilagunak dituzten ideiak aurkeztera animatu nahi ditut. Hiria hobetu nahi dugu, haien proposamenak entzunez. Eskaerak gauzatzeko 3 milioi euroko aurrekontua erreserbatu dugu", adierazi du Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Herritarrek maiatzaren 3tik ekainaren 28ra bitartean aurkeztu ahal izan dituzte proposamenak. Epea amaitzen denean, Udalak balioetsitako proiektuak zehaztu eta urriaren 4an argitaratuko ditu Udalaren webgunean, herritarrek gustukoenak aukeratzerik izan dezaten, azarotik aurrera. Bozketak online edo aurrez aurre egin ahal izango dira, herritarrei laguntzeko bulegoetan, San Martingo bulego teknikoetan, edo, lehen aldiz, adinekoentzako zentro soziokulturaletan.

Aurreko edizioetan bezala, zenbait haztapen-irizpide ezarri ditu Udalak: belaunaldien arteko bizikidetza, genero berdintasuna, kultura aniztasuna eta dibertsitate funtzionala. Aurten hiru irizpide berri gehitu dira, gainera: talde ahulenen gizarte inklusioa, iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa, eta arrakala digitala txikitzea.

Haurren parte hartzea

Hobetuz programak badu beste berritasunik aurten: hiriko haurrek ere parte hartu ahal izan dute programan, eta udal aurrekontuko 200.000 euro zertan gastatu erabaki. Gainera, lehen aldiz, aurrekontu osoaren %20 jarduera programetara bideratuko da, eta gainerako %80a inbertsioetara.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide