Gasteiz Hobetuz

Haurrek Gasteizko udal aurrekontuaren 200.000 euro erabakiko dituzte

Erredakzioa 2021ko mai. 4a, 12:30
Aurreko edizioko Haurren Auzoa proiektuak Etxauri plaza eraldatuko du. / GASTEIZKO UDALA

Gasteiz Hobetuz programaren bitartez, 2022an eta 2023an hiru milioi euro bideratuko dira herritarrek erabakitako proiektuetara. Oraingoan, gainera, haurrek erabakiko dute udal aurrekontuko 200.000 euro zertan inbertitu.

Aste honetan, Gasteiz Hobetuz programaren hirugarren edizioa aurkeztu du Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Partaidetza programa horri esker, herritarrek aukera dute udal aurrekontuaren zati bat zertan gastatu erabakitzeko. Aurten, hiru milioi euroko aurrekontua izango du, 2022an eta 2023an proiektuak garatzeko. Lehen aldiz, aurrekontu osoaren %20 jarduera programetara bideratuko da, eta gainerako %80a inbertsioetara.

"Azken helburua hiria etengabe hobetzea da, eta, beraz, herritarren bizitza hobetzea, partaidetza prozesu bati esker", azaldu du zinegotziak. "Prozesua ahalbidetzeko hainbat baliabide, bitarteko eta bide jarri ditugu, eta sakon errotuta ditu mekanismo demokratiko zuzen, inklusibo eta integratzaileetan oinarritutako balioak".

Aurreko bi edizioetan, aukeratutako 31 proiektuetatik 26 gauzatu dira, eta beste bost proiektuen lehiaketa egin da.

Hobetuz Txiki

Hirugarren edizio honetan hiriko haurrek ere parte hartu ahal izango dute, eta udal aurrekontuko 200.000 euro zertan gastatu erabaki.

Izan ere, aurreko edizioko hainbat proposamen haurrek beraiek iradokitako proposamenak izan ziren, hiriko helduek zein eragileek aurkeztutakoak. "Horrek bultzatu gaitu ekimen berri hau abian jartzera", azpimarratu du Rodriguezek. Ildo horretan, duela egun batzuk, Haurren Auzoa proiektuak Etxauri plaza goitik behera eraldatuko duela ezagutu genuen.

 

Ekarpenak, ekainaren 28ra arte

Proposamenak ekainaren 28ra bitartean aurkeztu ahal izango dira Gasteizko Udalaren webgunean edo herritarrei laguntzeko bulegoetan; aurrez aurreko kasuan, hitzordua eskatu beharko da. Gehienez hiru proiektu aurkez daitezke auzo zein nekazaritza eremu bakoitzeko.

Balioetsitako proiektuak urriaren 4an argitaratuko dira Udalaren webgunean, eta herritarrek gustukoenak aukeratuko dituzte azarotik aurrera. Online bozkatzeko aukeraz gain, aurrez aurre ere egin ahal izango da: herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte etxeetan zein San Antonio kaleko bulegoan), San Martingo bulego teknikoetan, eta, lehen aldiz, adinekoentzako zentro soziokulturaletan.

Hainbat haztapen-irizpide ezarri dira proiektuak bultzatzeko. Aurreko edizioetan lau irizpide izan dira: belaunaldien arteko elkarbizitza, genero berdintasuna, kultura aniztasuna eta dibertsitate funtzionala; horiei beste hiru gehitu zaizkie: egoera ahulean dauden kolektiboen gizarteratzea, iraunkortasuna edo ingurumenaren babesa, eta eten digitalaren murrizketa.

Borja Rodriguez, Herritarren Partaidetzaren zinegotzia. / GASTEIZKO UDALA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide