Gasteizek 225 bisita gidatu eskainiko ditu uda honetan

Erredakzioa 2021eko ekainaren 25a

Bisita gidatuak uztailaren 1etik aurrera erreserbatu ahal izango dira. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Turismo Bulegoak gaikako 225 bisita gidatu eskainiko ditu aurtengo udan, eta uztailean kanpaina bati ekingo dio, bi bisita baten prezioan eskaintzeko.

Aurtengo udan hainbat gairi buruzko 225 bisita gidatu antolatu ditu Gasteizko Turismo Bulegoak. Gainera, bi ibilbide berri eta bisitak sustatzeko zein bertako gidari-enpresei laguntzeko kanpaina bat ere sortu ditu. Bisita gidatuak askotariko publikoari zuzenduta egongo dira, bereziki iraunkortasuna, natura eta aire zabaleko ariketa fisikoa azpimarratuz.

Berritasun gisa, hiri barruan hegaztiak behatzeko ibilbideak eskainiko dira (birding urbanoa). Hartara, zirkuitu turistikoetan lehen sartzen ez ziren Gasteizko inguruak ezagutzeko aukera egongo da: esaterako, Iparraldeko eta Arriagako parkeak, leku horien biodibertsitatearen balioa nabarmentzeko.

Horrekin batera, Gasteiz Hiri Berdea ibilbidea ere estreinatuko da, hiriaren garapenean iraunkortasunak izan duen eta gaur egun duen garrantzia azalduko da, hiria turismo iraunkorreko helmuga nagusietako bat bihurtu baita.

Naturari lotutako programak Florida parkea ezagutzeko ohiko bisita ere eskainiko du. Bestalde, aire zabaleko eskaintzaren barruan, etxarteak eta hilerria ezagutzeko bisitak mantenduko dira, baita bizikletaz eta lasterka aritzeko ibilbideak ere. Umore ibilbideak, muralen ibilbidea eta eskulturena ere egin ahal izango dira, kanpoaldean eta modu seguruan.

Bisita gidatuak sustatzeko kanpaina

Azkenik, Turismo Bulegoak bisitaldi gidatuak sustatzeko kanpaina bat egingo du uztailean. Zehazki, bi bisita gidatu eskainiko dira baten prezioan, 1.000 plaza agortu arte. Uztailaren 1eko 12:00etatik aurrera erreserbatu ahal izango dira Udalaren webgunean. "Gasteizko Turismo Bulegoak duen bisita gidatu profesionalen eskaintza zabala ikusarazi nahi dugu, eta haren balioa nabarmendu. Une garrantzitsu honetan gure hirian turismo segurua berpizteko beste urrats bat da hau", adierazi du Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Etxeberriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago