Antzinako Liburuen Azoka bueltan da

Erredakzioa 2021eko ekainaren 23a

Antzinako Liburuen Azokaren aurreko edizio bat. / ALEA

Urrezko Zeledonen plazan egingo da Gasteizko Antzinako Liburuen Azokaren 26. edizioa, ekainaren 25etik uztailaren 11ra bitartean.

Iaz pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ostean, ostiral honetan Gasteizko erdigunera itzuliko da irakurzaleen hitzordu kuttunenetako bat: Antzinako eta Bigarren Eskuko Liburuen Azoka. Asilo del Libro, Torres de Valencia, Arkadia, Xabier, La Ela, Eurolibro, Maxtor eta Sekhmet liburu dendek zortzi saltoki jarriko dituzte Urrezko Zeledonen plazan, ekainaren 25etik uztailaren 11ra bitartean. Postuak egunero izango dira zabalik, 11:00etatik 14:0etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Aurtengo Azokari 6.000 euroko diru laguntza emango dio Gasteizko Udalak, eta, horrez gain, espazio publikoa doan lagako dio azoka irekita egongo den egunetan, baita hura muntatu eta desmuntatzeko esleitu diren egunetan ere. Ekimena Euskadiko Antzinako Liburuen alorreko Enpresaburuen Elkarteak antolatzen du urtero, eta gero Espainiako estatuko beste hiri batzuetara ere joango da, hala nola Bartzelona, Bilbo, Donostia, Valentzia eta Valladolidera.

Astearte honetan egindako prentsaurrekoan, azokaren itzulera ospatu du Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok: "Poz handia da aurten ekimena berreskuratu ahal izatea, urtebetez utzi behar izan eta gero. Kultura Zerbitzutik antzinako eta bigarren eskuko liburuak sustatzera bideratutako ekimen honen alde gaude erabat. Irakurzaletasuna eta liburuen inguruko ekimenak sustatzen jarraituko dugu; gainera, ez dezagun ahaztu zenbat lagundu diguten liburuek hilabete zail hauetan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago