Aurrera doa Bus Elektriko Adimentsuaren ibilbiderako korridore berdearen landaketa

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 17:30

BEAren ibilbidean zehar korridore berdea osatuko duten 500 zuhaitzetako gehienak landatu dira dagoeneko; besteak beste, markesinen ondoan izango diren 400 altzifreen %80. Datozen asteetan hasiko dira 15.000 lore eta zuhaixka landatzen.

Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren arabera, BEAren korridore berdea "erritmo onean" eta "forma hartzen" doa. Izan ere, astearte honetan proiektuaren egoeraren berri eman du Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak. Azaldu duenez, eta dagoeneko hiriko kaleetan ikus daitekeenez, 405 altzifreen %80 baino gehiago eta astigar zurien %75 baino gehiago landatu da jada.

Altzifreak geltokietatik gertu egongo dira, eta handitzen doazen heinean handituko da horien ikusgarritasuna eta inpaktu bisuala. Baina geltokietatik kanpo ere izango dira, eta espezie horretako aleak landatu dira ibilbidean zehar ere; besteak beste, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean, Zaramaga kalean eta Euskal Herriko Bulebarrean.

Datozen asteetan, gainera, ibilbidearen iparraldeko eremuan aurreikusitako landare zerrendak, lore landareak eta zuhaixkak landatzen hasiko dira; guztira, 15.000 ale inguru. Landare zerrenda bikoitz bat izango da, BEAren erreien ondoko erdibitzaileetan barrena. Horrez gain, Oteizaren Omenaldia Galindezi eskultura dagoen biribilgunetik —Telefonica eta Txagorritxuren eraikinaren parean— Jacinto Benavente kaleraino, zuhaixka loredunen (teucrium fruticans eta viburnum tinus) zerrenda berde bat sortuko da, 20 zentimetrotik metro eta erdira artekoa, gora eta behera egingo duena.

Ruiz de Escuderoren esanetan, korridore berde horrek garraio sistema publiko "iraunkorrago, irisgarriago, berritzaileago eta seguruago" baten identitatea nabarmenduko du.

'Green' azpiegitura

Udalak 9 milioi euroko inbertsio egin du korridore berdean (landaketak barne), eta azpiegitura martxan dagoenean, puntako teknologia duten hamahiru ibilgailu elektriko berriek Gasteizko hamalau auzo lotuko dituzte. Zerbitzua Tuvisaren 2. linean emango dute, hamar kilometroko trazaduran zehar, eta hiru milioi erabiltzaile potentzial izango ditu ibilbidean zehar.

"Ez du kutsatzen, ez du emisiorik, eraginkorra da, errei esklusiboetatik zirkulatuko duten ahalmen handiko ibilgailu elektrikoek osatzen dute eta kutsadura akustikoaren maila txikiak izango ditu", azaldu du Ruiz de Escuderok, BEAren green izaera aldarrikatuz. "Landaketa hauei esker hobetu egingo dugu BEIren ibilbideko landaretza, eta egin behar izan den obra zibilaren eragina arindu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide