Zaharraz Harrok 50 jarduera baino gehiago eskainiko ditu Alde Zaharreko kaleetan

Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 19:00
Kale kontzertu bat Zaharraz Harroko aurreko edizio batean. / Argazkia: ZAHARRAZ HARRO

Ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean itzuliko dira Gasteizko Alde Zaharreko Zaharraz Harro jaiak. Bertsoak, kirola, umeentzako jarduerak, hitzaldiak, dantza, musika, zinea, literatura eta antzerkia izango dira, besteak beste.

Etxean intxaurrak hiru, auzora atera eta hamahiru! Bizitza dago behatxulotik harago! izango da aurten Zaharraz Harro jai autogestionatuen leloa, auzokideei etxetik ateratzeko eta auzoko kaleetara hurbiltzeko dei eginez. Neurri batean, ohiko formatuari eusteko erraztasun gehien izango dituen jai eredua dute Alde Zaharreko jaiak; izan ere, sakabanatutako jardueren aldeko apustua egin ohi dute, eta horrek jende pilaketa handiak saihestea ahalbidetuko du.

Ekainaren 28an hasiko dira ospakizunak, hau da, datorren astelehenean: arratsaldean zehar, auzoko ile-apaindegia, txupinazioa eta Kutxistulariak egongo dira. Gainera, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunarekin kointzidituz, 18:30ean Burulleria edo Bollerias Plazatik, Alde Zaharreko Blokea abiatuko da Gasteizko manifestaziora; azken hori 19:00etan hasiko da Andre Maria Zuriaren plazatik. Ondoren, manifestazioaren osteko jaialdia antolatu dute Darkahead tabernan, Droide AKA Glitter eta Cap Candela musika jartzaileen eskutik.

Hurrengo egunean, asteartean, txiki eta handientzako jolasak, auzoko liburutegia, kirol topaketak, Umeen Krosa, patatada herrikoia eta Sareak Josten performancea izango dira goizetik aurrera eta egunean zehar. Eguna borobiltzeko, Bertso izarren boxeo saioa egingo dute Gaztetxean, eta, 22:00etan, Zaharraz Haroko Film Laburren Txapelketa egingo dute Santa Maria Plazan.

Asteazkenean, txiki eta handientzako jolasak, ibilaldi osasungarria, irakurketa errazeko taldea, Katuen kalejira, ipuin kontalariak, swing tailerra eta hitzaldiak izango dira. Eguna amaitzeko, zinema Santa Maria plazan.

Ostegunean, berriz, 11:30etik aurrera, goiz osoko auzolana deitu dute Etxanobe parkean. Ondoren, arratsaldean, hainbat jarduera izango dira: jazarpen polizialaren inguruko solasaldia, Ane Gebara ipuin kontalaria, indarkeriarik gabeko komunikazioaren inguruko tailerra, pintura sortzaileko tailerra, Gazteak eta pandemia: rapetik begirada hitzaldia, Queerteatzen poesia emanaldia, Fabricando mujeres 2.0 dokumentalaren proiekzioa, dantza plaza eta Miss Bihotzaren pintxada. Eta, nola ez, eguna amaitzeko zinema Santa Maria plazan; oraingoan, umeentzako.

Ostiralean, umeen ginkana, X. Boulder Topaketa, emakume heldu eta gazteen dantzaldia, Paso a paso, la mirada nómada antzerkia, Conjugar el amor liburuaren aurkezpena eta Ai Laket elkartearen puntu finkoa musikarekin.

Asteburua

Asteburuan ere hamaika jarduera antolatu dituzte, horien artean klasikoetako batzuk. Larunbatean, aldarrikapen jolasa, haurrentzako josteko tailerra etaGasteiz Kantuz auzotik kantari izango dira goizean. Ondoren, bazkari autogestionatua Rafa Plazan. Bazkalostean, DJ Young Buster Selecter izango da Txapelarri tabernan, eta Darkahead tabernan, berriz, Orgullo Zaharraz Harri Party egingo dute, hainbat DJrekin. Arratsaldean, gainera, Auzolana Pilotalekuaren XIII. urteurrena ospatuko dute, umore onez girotutako mus txapelketa eta mahai jokoekin.

Azkenik, uztailaren 4an, igandean, Hala Bedi irratiaren jaialdiarekin hasiko da Zaharraz Harroko azken eguna: musika eta sorpresa ugari iragarri dituzte, Hala Bedik "zure txutea" behar duela aldarrikatuz. 18:00etan, destxupina egingo da Rafa plazan, baina Darkahead tabernak jaiak luzatuko ditu: 19:00etan, DJ Kolix izango da plateretan, eta, azkenik, bingoa eta jaien amaierarekin itxiko dute egitaraua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide