Erasoa salatzeko plazaratutako oharrean Arriaga auzoko Umandi Ikastolako eskola komunitateak azaldu duenez, maiatzaren 17an, LGTBIQ+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBIQ+ bandera margotu zuten horma-irudi batean, "eskolan lantzen diren baloreekin bat eginez".
Astelehen honetan, Esto con Franco no pasaba, Transformers no eta Marikas zioten pintaketak agertu dira horma-irudiaren gainean.
"Umandi ikastolako eskola komunitateak erabat arbuiatzen ditu egindako pintaketa homofobo eta transfoboak. Gure eskola komunitatean, umeak aniztasunean, errespetuan eta bizikidetzan hezten jarraituko dugu", adierazi du eskola komunitateak.
Gorroto diskurtsoa
Ikusgunek, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak, "babesa eta besarkada handi bat" bidali dio Umandiko eskola komunitateari, eta "gure kaleetan gorroto diskurtsoa hartzen ari diren norabideaz" ohartarazi du. "Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, LGTBI+ pertsonen eskubideen erabilerak behera egin du, eta horrek agerian uzten du mezu horien atzetik eraso fisikoak datozela, Basaurin edo Zornotzan larunbat honetan bertan ikusi ahal izan dugun bezala".
"Etsaitasun horren hazkundearen datu nabarmena da hilabete bakar batean Ikusgunek hamar bat gertakari LGTBI+fobiko jaso dituela, ia iaz adina", adierazi du behatokiak. "Mezu eta erasoen helmuga ez da pertsona jakin bat, aitzitik, LGTBI+ biztanle guztiei zuzenduta daude, eta, beraz, jendarte osoari, aniztasuna eta askatasuna lortzeko helburuetan erasotua. Jendarte osoak sentitu behar du horrelako gorabeheren aurrean interpelatuta".
Gainera Ikusgunek azpimarratu du beharrezkoa dela "LGTBI+fobiaren aurkako borrokan indarrak biderkatzea, betiere tokiko LGTBI+ kolektiboekin lankidetzan".
Ostegunean elkarretaratzea
Gasteizko E28 Koordinadorak erasoa salatzeko mobilizazioa deitu du ostegunerako, 19:00ean Korreoseko plazan, Transfobiari antolakuntzaz eta autodefentsaz aurre egin. Euren gorrotoa ez du kabidarik gure kaleetan lelopean.