Gazte bat larri zauritu zuten larunbatean Gasteizen, borroka batean erasotuta

Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 09:00
Tabernak 2:00ak arte zabaldu ziren lehen eguna izan zen larunbata. / Argazkia: ERTZAINTZA

Larunbat gauean, Ertzaintzak 28 urteko gazte bat atxilotu zuen lesio delitu bat egotzita. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten eta ZIUn ingresatu. Gau berean, beste bi gazte atxilotu zituzten arma zuri batekin eraso egiteagatik.

Goizaldeko 2:00ak aldera, Gasteizko Zabalgunean hainbat pertsonaren arteko borroka bat hasi zela jakin zuen Ertzaintzak. Bertaratu zirenean, buruan kolpe gogorra zuen gazte bat aurkitu zuten lurrean, etzanda eta konorterik gabe.

Lehen laguntza eman ondoren, anbulantzia batek ospitalera eraman zuen, eta, zauri larriak zituenez, Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) ingresatu zuten.

Ertzainek erasoaren inguruabarrak ikertu zituzten orduan, eta horrela jakin ahal izan zuten ustezko erasotzailea inguruan zebilela. 28 urteko gaztea aurkitu eta atxilotu egin zuten; polizia-iturrien arabera, "gertakari biolentoengatik aurrekari ugari" ditu. Oraingoz, Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertatutakoa.

Beste eraso bat arma zuri batekin

Gau berean, 20 urteko beste bi gazte atxilotu zituen Ertzaintzak Arabako hiriburuan, arma zuriz egindako eraso batean inplikatuta egoteagatik. Biktima ospitalera eraman zuten, pelbisean zauria zuelako. Eraso hau goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera gertatu zen Gasteizko erdiguneko kale batean.

Ertzaintzak ohar bidez azaldu duenez, biktima eta bere lagun bat diskoteka batera sartzeko zain zeudenean, arma zuriak zituzten hainbat pertsonak inguratu zituzten. Lagunak ihes egitea lortu zuen eta Ertzaintzari deitu zion, baina biktimari ostikadak eta ukabilkadak eman zizkioten, eta arma zuri batekin ebakia egin zioten iztaian.

Bertaratu ziren ertzainek inguruak miatu zituzten, eta Iradier Arenaren inguruan aurkitu zituzten ustezko bi inplikatu; bertan ezkutatuta arma zuri bat ere aurkitu zuten, eta polizia-eginbideei gehitzeko hartu zuten. Bi susmagarriak atxilotu zituzten, lesio delitua leporatuta. Bien bitartean, biktima ospitalera eraman zuten, eta osasun zerbitzuek arreta eman ondoren, alta eman zioten.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gainerako inplikatuak topatzeko, horien artean biktimari labankada eman zion pertsona.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide