Araba Babestu Arabako menpekotasuna duten adinekoen senideen elkartea kalera atera da berriro ere adinekoek jasaten duten "erakundeen tratu txarra" salatzeko. Pasa den ostiralean egin zuten elkarretaratzea Gasteizko Aihotz plazan, udal ordezkariak Goiuri jauregian San Prudentzio egoitzaren akordioaren aurkako mozioa defendatzen ari ziren bitartean.
Elkartearen esanetan, Gasteizen gertatzen ari dena "oso larria" da, izan ere, ez da bete Arabako Batzar Nagusiek 2016ko otsailean emandako agindua; alegia, egoitza-plaza berriak sortzea eta San Prudentzio egoitza 60 plaza gehiagorekin handitzea. "Plaza kopurua handitu beharrean, San Prudentzio egoitzako 139 plaza publiko kentzea erabaki dute", salatu dute.
Araba Babestuk gogorarazi du bizi-itxaropenaren handitzeak eta biztanleriaren zahartzeak mendekotasun maila handia eta larria duten pertsonen kopurua handitzea eragin duela, eta 2006an Mendekotasun Legeak eta 2008an Gizarte Zerbitzuen Legeak onartu zirenetik lortu duten "gauza bakarra" egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxez etxeko laguntzan lana behar bezala ez betetzea izan dela: "Pribatizazioa lehenetsi da".
Zaintza ereduaren porrota
Elkartearen ustez, administrazio publikoak "berandu" dabiltza eta ez daude zaintza behar duten adinekoen premien neurrira egokituta: "Gaur egungo zaintza ereduak krak egin du. Badira urte batzuk tratu txar instituzionalak gertatzen ari direla, eta hori ezin da onartu gizarte-arreta eskubide unibertsal eta subjektibo gisa defendatzen duen gizarte batean", nabarmendu du. "Gaur egun, gure adinekoak tratu txar instituzionalak jasaten ari dira. Pribatizazioa, diseinatuta dagoen bezala, tratu txarrak dira, langileen baldintzen prekarietatea, plantilla eskasak, osasun-arreta txarra, bakardadea, eta abar luze bat. Tratu txar instituzionalak pandemiaren aurretik ere bazeuden eta pandemiaren hasieratik ez du etenik izan", gaineratu du.
Horren aurrean, ohartarazi du ez dutela "zentzugabekeria" honekin jarraitzeko asmorik, eta azpimarratu du norabidea aldatu beharra dagoela, zaintza eredu berri batekin, kalitatezko zaintza publikoen alde egiten duen ereduarekin: "Pertsona ardatz duen eredu bat izan behar du, erabiltzaileen zein senideen parte-hartzearekin, zerbitzuak hobetzeko etengabeko ebaluazioa egiteko helburuarekin, betiere kalitate-irizpideei jarraiki".
Proiektu pilotua
Araba Babestuk "erakundeen tratu txarra" salatzen duen bitartean, Arabako Diputazioak iragarri du arreta eredu berria ezartzeko proiektu pilotua abiatu duela Lakua eta Etxebidea egoitzetan; hain justu ere, dementzia larria duten adinekoetan espezializatutako Lakua egoitzan eta desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Etxebidea egoitzan.
Martxan jarritako proiektuak Gizarea du izena, eta, funtsean, zainketak hobetu nahi ditu, baita egoiliarren, senideen, langileen eta komunitatearen arteko harremanak ere, Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Emilio Solaren esanetan, familien zein profesionalen "inplikazio handiagoa" lortzeko. "Laguntza emozionala, afektuak eta enpatia" lehenetsiko direla aipatu du.
Foru diputatuak eredu "berritzailetzat" jo du egitasmoa, eta, azaldu duenez, herrialde anglosaxoietan du jatorria; izan ere, Australian, Kanadan, Amerikako Estatu Batuetan eta Britainia Handian, besteak beste, eredu hori ezartzen hasi dira. Gizarte Politiken sailak proiektua aurkeztu die jada Arabako Gizarte Zerbitzuen lurralde kontseiluari eta baita sektorea ordezkatzen duten hainbat elkarteri ere.
Lehenengo urratsa senideen eta langileen prestakuntza izango da, "beste era batean zain daitekeela ikasteko". Ondoren, helburuak eta adierazleak dituen ezarpen plana egingo da, eta, azkenik, ebaluazioa. "Espero dugu zaintzaren emaitzak nabarmen hobetzea", adierazi du Solak.
Mendekotasunaren gorakada
Proiektu berriaren aurkezpenean, Emilio Solak ohartarazi du pandemiaren ondorioz talde zaurgarrienek senide eta zaintzaileekin zituzten harremanak "desegonkortu eta, batzuetan, ezabatu egin direla" egoitzetan. Gainera, bizi-itxaropena igotzeak eragin du mendekotasun larria duten pertsonen ehunekoa igotzea: plazen %40 psikogeriatrikoak dira.
Proiektuaren lehen urratsa Lakua eta Etxebidea egoitzetan eman bada ere, epe luzera begirakoa dela eta helburua Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) egoitza guztietan ezartzea dela azpimarratu du diputatuak.