Gasteizko gazteen hamar ideia hautatu ditu Haziak deialdiak

Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 16:30
Besteak beste, Kai Nakaik 'Tira' izeneko udako abestia sortuko du. / HAZIAK

Haziak deialdiak Gasteizko gazteek bultzatutako hamar ideia saritu ditu, eta laguntza tekniko zein ekonomikoa eskainiko die. Proiektuok kultura, ingurumena, sare sozialak eta beste gai batzuk jorratuko dituzte.

Maiatzaren 3an amaitu zen Haziak Ideia Gazteen Lehiaketaren azken deialdira ideiak aurkezteko epea. Udalaren Gazteria Zerbitzuko epaimahaiak hamar ideia aukeratu ditu, eta hemezortzi proposamen jaso zituen guztira. Horietatik lau 14 eta 18 urte bitarteko gazteen kategoriakoak ziren, eta gainerako hamalauak 19 eta 30 urte bitarteko gazteenak.

Epaimahaiak "bideragarritasuna, proiektuen arteko zeharkakotasuna, originaltasuna eta gazteen xede-publikoari ematen zaion protagonismoa" nabarmendu ditu aukeratutako hamar proiektuetan. Era berean, lehentasuna eman zaie 2020an gai berdinekin sarituak izan ez diren proiektuei, proiektu berriei gauzatzeko aukera emateko.

Saritutako hamar ideiak

  • Tira. Udako abestia Kai Nakairekin: abeslari gasteiztarrak kantu baikorra proposatu du, konfinamenduaren ondoren euskarazko reggaetoi estiloan.
  • Red Artean: artistak, sortzaileak, kolektiboak eta erakundeak konektatuko dituen online plataforma.
  • Rent musikala: antzerki musikala LGTB+ gaiaren inguruan, gidoiaren egokitzapen propioarekin.
  • Artistentzako pistak: abesti batek dakarren ikus-entzunezko prozesuaren inguruko saio teoriko-praktikoak.
  • Galdu Gordean: sormen prozesuen eta hiriaren inguruan sortutako elkarrizketak.
  • Klimarako Jardunaldia: Fridays for Future kolektiboarekin batera, klimaren urgentziari aurre egiteko ekintzak.
  • Lo + trendy: sormenezko makillajea, argazkia eta edizioa sare sozialetarako.
  • Anime eta Manga: gai honen inguruko gazte komunitatea.
  • Welcome Inside: antsietatearen eta depresioaren islada argazki eta bideoetan.
  • Euskara zabaltzen artearen bidez: gure hizkuntzaren garrantzia azpimarratzen duen abestia.
  • Re-conecta contigo: pantailak deskonektatzeko eta zeure burua aurkitzeko jarduerak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide