Zabalik da 'Mendia femeninoan' argazki erakusketa

Erredakzioa 2021ko eka. 20a, 10:00
Nuria Planell bezalako kirolarien irudiek osatzen dute erakusketa. JON MARTINEZ

Hilaren 30era arte, Vital Fundazioa erakusketa-aretoan ikus daiteke 'Mendia femeninoan', mendia euren bizimodu bilakatu duten emakumeen indarra islatzen duen Jon Martinezen argazki-proiektua.

Euren bizitzak mugaraino eraman dituzten emakumeen borondatea, indarra eta ametsak erakusten dituzten argazkiak aukeratu ditu Mendiak femeninoan erakusketarako Jon Martinez argazkilari eta mendizale gasteiztarrak. "Energia transmititzen duten irudiak dira, begietara begiratzen digutenak, eta hausnarketa pertsonala egitera gonbidatzen dute".

Egileak berak azaldu duenez, mendiko kiroletan emakumeen presentzia ikusarazteko modu bat da, "kasu askotan ezezaguna den errealitate bat".

Hartara, mendi arloko modalitate ezberdinetako erreferenteen zuri-beltzeko erretratu-sorta ikus daiteke Vital Fundazioaren aretoan, ekainaren 30era arte. "Lan honetan, horietako emakume bakoitzaren atzean dagoen humanismoa behatzen da; bizitza muga izugarrietara eraman dutenen borondatea, indarra eta adimena erakusten da", adierazi du argazkilariak.

Halaber, erakusketak omenaldia egin nahi die emakume hauei guztiei, baita hamarkadatan mendia beren bizitzan erreferente bihurtu dutenei ere.

Martinezek 40 emakume erretratatu ditu eta horietako 16 daude erakusketa honetan. Sonia Casas, Oihana Azkorbeitia, Lynsey Jefferies, Sara Catalano, Igone Campos, Nahia Quincoces, Marta Alejandre, Ane Hernani, Nuria Planell, Ana Ruiz, Idoia Rubial, Maite Zumarraga, Irati Anda, Estibaliz Otxoa, Ruth Craven, Nerea Ulezia, Luisa Mendez eta Oihana David dira eskalatzaileak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide