Irakaskuntzako sindikatuek Hezkuntza Sailari: "Esker gutxiago, baliabide gehiago"

Erredakzioa 2021eko ekainaren 16a

Sindikatuek Odon de Apraiz ikastetxearen aurrean deitutako elkarretaratzea. / LAB

LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin dute Odon de Apraiz ikastetxearen aurrean, EAEko Hezkuntza Sailak pandemian egindako kudeaketaren "makillaje lana" salatu eta baliabide gehiago eskatzeko.

Asteazken honetan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ikasturte honetan egindako lana eta ahalegina eskertzeko ekitaldia egin du Gasteizko Odon de Apraiz ikastetxean. LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek protesta antolatu dute kanpoan, "propaganda ekitaldia" salatzeko: "Esker gutxiago, baliabide gehiago", zioen elkarretaratzeko pankartak.

Gogora ekarri dutenez, ikasturtea greba eta mobilizazioekin hasi zen hezkuntzan. Izan ere, kurtso hasieran, aurrez aurreko hezkuntzarako "itzulera seguru eta adostua bermatzeko baliabide eta neurriak" hartzea exijitu zioten sindikatuek Hezkuntza Sailari. Orduan bezala, lan kargak eta ratioak murriztea aldarrikatu dute berriro ere: "Lehenagotik ere premiazkoak ziren, eta pandemiarekin are ageriagoan geratu dira". Apirilaren 22an ere, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzearen aldeko grebak babes zabala izan zuen hezkuntza publikoan.

"Ikasturtea amaitzear dago eta esan dezakegu gaur gaurkoz hezkuntza publikoan ez dela sakoneko aldaketarik egon", deitoratu dute sindikatuek. "Komunikabideetan pandemiaren inguruan hezkuntzan izandako kudeaketaren arrakasta saldu nahi izan bazaigu ere, errealitatea oso bestelakoa izan da. Aurrez aurreko ikasturtea aurrera eramatea posible izan da bertako langileek eginiko lanaren, dedikazioaren eta gainkarga fisiko zein emozionalaren ondorioz".

Gainera, mobilizazio dinamikak indartu eta bultatzeko aukeraz ohartarazi diote Eusko Jaurlaritzari. "Pausorik eman ezean, beste biderik ez digu utziko", esan dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago