Bi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen indarkeria matxistagatik

Erredakzioa 2021ko eka. 15a, 11:30
Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Azken 48 orduetan, Udaltzaingoak 19 urteko gazte bat eta 57 urteko beste gizonezko bat atxilotu ditu Zaramagan eta Zabalganean, genero indarkeria delituen ustezko egileak izateagatik.

Igande goizaldean, Gasteizko Udaltzaingoak 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Zaramagako etxebizitza batean, bikotekidearen aurkako eraso delituaren ustezko egilea izateagatik. Erasoa borroka baten erdian gertatu zen. Eztabaida zela eta, bere esku-hartzea eskatzeko dei bat jaso zuen Udaltzaingoak. Patruilari atea ireki zion gizonezkoak arropa hautsita zuen eta odol-orbanak zituen; emakumeak, berriz, zenbait zauri zituen aurpegian.

Lesioak ikusi eta inplikatutako pertsonen adierazpenak entzun ostean, udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten eta epailearen esku utzi. Bestalde, bikotekidea ere ikerketapean dago, etxeko indarkeria delituaren ustezko egilea izateagatik.

Mehatxuak eta bizileku-bortxaketa

Astelehenean, Zabalgana auzoan, 57 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen Udaltzaingoak, bikotekide ohiari mehatxu egiteagatik eta bizilekua bortxatzeagatik. Bere bikotekide ohia bere baimenik gabe etxera sartu eta mehatxu egin ziolako, emakumeak etxetik alde egin zuen eta bertaratzeko eskatu zion Udaltzaingoari.

Udaltzainek gizonezkoa atxilotu zuten, bere ondasunak gordetzeko poltsa batekin ataritik ateratzen ari zela. Gaur jarri dute epailearen esku, Emakumearen aurkako Indarkeria Epaitegira dagozkion izapidetzeak bidali ostean.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide