Astearte honetan Aintzira Guraso Elkarteak Salburua HLHI ikastetxearen aurrean egindako prentsaurrekoan, eskolako familiek beren "ezinegona" adierazi dute Salburua Institutuaren eraikuntzari dagokionez Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egindako kudeaketaren aurrean.
Izan ere, 2011n ireki zen Salburua eskola; hamarkada bat igaro da, eta derrigorrezko hezkuntzaren bigarren ziklora igarotzeko ikasleek behar duten instituturik ez dago oraindik martxan. Hortaz, Salburua zein Errekabarri ikastetxetako haurrak hazi eta zentroz aldatu behar direnean, auzotik kanpo joan behar dira, ia bi kilometrora dagoen Koldo Mitxelena institutura.
"Haurrak lehen hezkuntzako seigarren mailara eta, ondoren, institutura iritsiko zirela jakinda ireki ziren ikastetxeak. Hezkuntza Sailak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak ez al dituzte datu horiek kontuan hartzen?", galdetu dute Salburuko familiek. Lehen hezkuntzako zikloa duela hiru urte amaitu zuten lehenbiziko ikasleek.
Idatzizko konpromisoa
Egoera horren aurrean, Salburuko gurasoek "erantzun koherentea, argia eta idatzia" eskatu diote Hezkuntza Sailari. Teorian, Salburua institutuan matrikulatu ahal izango dira gaur egun Salburuan eta Errekabarrin ikasten ari diren haurrak. "Baina hitzez baino ez dute jakinarazi", salatu dute. "Idatziz jasota geratzea nahi dugu eta idatzitakoa betetzea, gezurrez eta promesa faltsuez nazkatuta gaudelako".
Erakundeen aldetik erantzun bat behar dutela eta "haurren beharrei erantzuna" eman behar zaiola adierazi dute. "Institutua eraikitzea premia bat da eta lehentasuna eman behar zaio", azpimarratu dute.
Gaurko prentsaurrekoan gogora ekarri dutenez, duela hilabete batzuk, Salburua eta Errekabarri zentroek bilera bat eskatu zioten Hezkuntza Sailari. Bilera apirilaren amaieran egin zen, eta bertan lau konpromiso adostu ziren:
- 2021eko uztaila eta iraila bitartean obra lizitatuko da.
- 2021eko abenduan obrak hasiko dira.
- 2023ko abendutik 2024ko urtarrilera bitartean, amaitutako obra entregatuko da.
- 2024ko irailean zentroa ireki eta funtzionatzen hasiko da.
"Hori guztia ezustekorik gertatuko ez balitz", ohartarazi du Aintzira Guraso Elkarteak. "Borrokan jarraituko dugu entzun gaitzaten, ahanzturan ez erortzeko eta gaur egun ezarrita dauden epeak bete daitezen. Udalak bi urte behar izan ditu obra-baimena lizitatzeko, zergatik? Hori horrela izanik, ezinezkoa da esan digutenaz eta ezarritako epeez fidatzea".
Hiru eskakizun
Horrenbestez, familiek hiru eskaera egin dizkiote Hezkuntza Sailari. Lehenik eta behin, Salburua institutuan matrikulatu ahal izango diren ikastetxeak zeintzuk izango diren "argi eta idatziz adieraztea, eta hori betetzea". Horrekin batera, "auzoaren, haurren eta familien beharrak kontuan hartzea eta enpatia izatea" exijitu diote.
Azkenik, institutu berria irekitzeko epea 2024ko irailean zehaztuta dagoela kontuan hartuta, "urte horretan matrikulatu beharko diren ikasleek hori egin ahal izango dutela bermatzea" eskatu dute. "Posible ez bada, familiekin zerikusirik ez duten atzerapenengatik epeak bete ez direlako, beste ikastetxe batean matrikulatu ahal izatea" ere eskatu diote Hezkuntza Sailari, "baina soilik institutua ireki arte".