Espazio publikoa hobetzeko 2,5 milioi euro emango dizkio Aldundiak Gasteizko Udalari

Erredakzioa 2021ko eka. 14a, 18:00
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran alkatea hitzarmena sinatzen. / AFA

Gasteizko Udalak eta Aldundiak sinatutako hitzarmenari esker, hiriburuak 2,5 milioi euro jasoko ditu lurraldean eragina duten inbertsioak egiteko espazio publikoan eta azpiegituretan.

Laugarren urtez jarraian berritutako hitzarmenak Gasteizko espazio publikoan hobekuntzak egiteko inbertsio estrategikoen zati handi bat bere gain hartuko du Aldundiak, lurralde historikoaren ikusgaitasuna handitzeko helburuarekin. Hiriburuak mota guztietako zerbitzu publikoak eskaintzen dizkie gainerako arabarrei, eta, besteak beste, horregatik erabaki du Aldundiak Gasteizen kokatutako azpiegiturak hobetzen eta sendotzen laguntzea.

Arabako erakunde nagusiak 2,5 milioi euro jarriko ditu Gasteiz Hobetuz programa parte-hartzailean adostutako bost proiekturen finantzaketa osatzeko:

  • Aldaiako kirol pista balioaniztunak eraikiko dira.
  • Zabalgana auzoan hiri-baratze berriak egingo dira.
  • Armentia eta Lasarte lotzen dituen Malizhaeza kalea berrituko da.
  • Salburua eta Las Trianas artean sortu berri den oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbidea egingo da.
  • Lakuan eta Ibaiondon bide-segurtasuna hobetzeko lanak egingo dira.

Esku-hartze horiekin batera, Santa Barbara plazako salgaien zamalanetarako kaia lurperatzeko obrak ere hitzarmenaren barruko inbertsioen artean daude. Horrez gain, beste zati bat Gasteizko Udalak aurten garatuko duen asfaltatzea berritzeko kanpaina indartzeko erabiliko da.

Ingurumen politikak dira sinatutako erakundearteko hitzarmenaren beste ardatzetako bat. Besteak beste, Foru Aldundiak ekarpena egingo dio Gardelegiko zabortegiaren aurre-zigilatze proiektuari. Obrak aurten hasiko dira, eta azpiegitura horren beharrei irtenbidea ematea ahalbidetuko dute. Halaber, foru finantzaketaren zati bat azpiegitura berdeetan inbertitzeko erabiltzea aurreikusi da. Era berean, hitzarmenak Aramangeluko Nekazaritza Parkea bultzatuko du, Abetxukuko aintzira zaharberrituz, hari lotutako ekipamendu berri gisa.

Akordioak beste bi elementu jaso ditu: gizarte zerbitzuei dagokienez, Bizan zentroetan birgaitze lanak egitea; bestalde, Gasteizko landa eremuak inbertsioen bloke berezi bat izango du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide