Koronabirusa

Hogei positibo atzeman dituzte Gasteizko egoitza bateko Covid-19 agerraldian

Erredakzioa 2021ko eka. 14a, 14:30

Albertia Campus egoitza Gasteizko Nieves Cano kalean dago. / GOOGLE MAPS

Koronabirusa itzuli da Gasteizko egoitzetara, oraingoan Nieves Cano kaleko Albertia Campus zentrora. Oraingoz hogei pertsona kutsatu dira: dagoeneko txertatutako hamahiru egoiliar eta bost langile, eta praktiketako beste bi pertsona.

Kutsatutako hamahiru erabiltzaileak eta bost langileak bi dosiekin txertatuta zeuden jada. Hala ere, praktiketan zeuden bi pertsonak txertoa jaso gabe daude oraindik. Ekainaren 7an hasi ziren egoitzan lanean, eta PCR proba bana egin zieten, protokoloak agintzen duen bezala. Biek negatibo eman zuten.

Antza denez, Covid-19a harrapatu duten pertsona guztiak asintomatikoak dira, horietako bat izan ezik. Izan ere, sintomak garatu ditu, eta ospitalera eraman behar izan dute; aurretik ere hainbat patologia zituela baieztatu du egoitzako zuzendaritzak. Beste lau adineko Zadorra foru egoitzako Covid-gunera eraman dituzte; gaixotasuna artatzeko lurraldeko erreferentziazko zentro soziosanitarioa izaten jarraitzen du zentro horrek.

Ekaineko bigarren agerraldia

Hilabete honetan Arabako egoitzetan atzemandako bigarren agerraldia da Albertia Campus zentrokoa. Duela egun batzuk, San Martin auzoko Sanitas egoitzako bi egoiliar ospitaleratu behar izan zituzten Covid-19az bestelako arrazoiengatik, eta orduan egindako PCR probetan positibo eman zuten. Ondoren, hamahiru egoiliar isolatu zituzten, eta baheketan bost kutsatu gehiago atzeman zituzten, egoiliar eta langileen artean.

Aldundiak ekainaren 8an jakitera eman zuenez, agerraldi horretan kutsatutako egoiliarretako bat hil egin zen. Egoitzako erabiltzaile guztiak guztiz txertatuta zeuden, hildakoa izan ezik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago