Odol emailearen eguna

Aste honetan odola emateko kanpaina berezia egingo dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko eka. 14a, 10:00
Pandemian zehar, odol-emateek behera egin dutela ohartarazi du Osakidetzak. / IREKIA

Ekainaren 14tik 17ra bitartean, odola emateko unitate mugikorrak Gasteizko hainbat puntu bisitatuko ditu, Odol Emailearen Nazioarteko Egunaren harira.

Osakidetzak azaldu duenez, une honetan premiazkoa da odol emateen kopurua handitzea, uda osoan ospitaleetako beharrei erantzun ahal izateko. Urtean zehar 500 odol-emate behar dira egunero EAEn, baina pandemiaren ondorioz behera egin dutela ohartarazi dute. Testuinguru horretan, astelehen honetan ospatuko da Odol Emailearen Nazioarteko Eguna, emaileen altruismoa eskertzeko.

Ekainaren 14, 15, 16 eta 17an, astelehenetik ostegunera, odola emateko kanpaina berezia antolatu dute Osakidetzak eta Odol Emaileen Elkarteak. Horretarako, unitate mugikor bat aktibatuko da, eta Gasteizko hainbat puntu bisitatuko ditu astean zehar. Ospitaletako beharrei erantzuteko odola jasotzeaz gain, aurrera begira gizartea sentsibilizatzeko eta odol emate kopurua handitzeko helburua izango du kanpainak.

Hitzorduak

Astelehenean hasi eta ostegunera arte hainbat hitzordu izango dira odola emateko:

  • Ekainak 14: Loma Jeneralaren plaza, 9:15-14:00 eta 15:30-20:30.
  • Ekainak 15: Arabako Unibertsitate Ospitaleko Kanpo Kontsultak, 9:15-13:30
  • Ekainak 15: Sofia Erreginaren Hiribidea (Zabalgana), 16:15-20:30
  • Ekainak 16: E. Leclerc (Zabalgan), 9:15-13:30
  • Ekainak 16: Zabalgana gizarte etxea, 16:15-20:30
  • Ekainak 17: Bastiturri, 9:15-13:30 eta 16:15-20:30

Nork eman dezake odola?

18 urte baino gehiago eta 70 baino gutxiagoko pertsonak izan daitezke odol emaile, betiere 50 kilogramo baino gehiagoko pisua baldin badute. Horrez gain, medikuaren kontrola pasa beharko dute aurretik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide