La Polla Records taldearen Gasteizko kontzertua abenduaren 18an izango da

Erredakzioa 2021ko eka. 10a, 13:00
Antolatzaileek datozen egunetan argituko dute kontzertua non izango den. / LAST TOUR

La Polla Records taldeak 2020ko ekainaren 13an Gasteizen eskaini behar zuen kontzertua aurtengo ekainaren 26ra atzeratu zuten. Azkenean abenduaren 18an izango da, eta ez da Mendizabalan izango, oraingoz agertoki berria zehaztu ez duten arren

Pandemiaren ondorioz, bigarren aldiz atzeratu dute La Polla Records talde aguraindarrak 40. urteurreneko biraren barruan Gasteizen eskaini beharreko kontzertua. Hasieran, 2020ko ekainaren 13an Mendizabalan egitekoa zen kontzertua atzeratu eta data berria iragarri zuten: 2021eko ekainaren 26a, hau da, hamasei egun barru. Aguraingoekin batera, El Drogas, Lendakaris Muertos, Kaotiko eta Cerveza Suicida taldeak igoko ziren oholtzara.

Hala ere, ia urtebeteko isiltasunaren ostean, eta ustezko data berrirako bi aste falta direnean, kontzerturako sarrerak dituzten lagunek antolatzaileen email bat jaso dute gaur bertan: "Datorren ekainaren 26an hitzordu bat zuten Gasteizen, eta 2021eko abenduaren 18ra atzeratu behar izan dute, gaur egun edukiera handiko ekitaldiak egiteari buruz indarrean dagoen araudia dela eta. Gainera, kontzertua formatu eta esparru berrira egokitu behar izan dute, eta La Polla Recordsekin batera Cerveza Suicida arituko da, punk talde mitikoaren agur-egun historiko honetan", dio mezuak. "Eskerrak eman nahi dizkizuegu jasotako laguntzagatik, eta sentitzen ditugu aldaketa horrek sor ditzakeen eragozpenak", gaineratu dute antolatzaileek.  

Oraingoz, antolatzaileek ez dute argitu non izango den kontzertua. Hasiera batean, Mendizabalan egitekoa zen, Azkena Rock Festival jaialdiaren azpiegitura aprobetxatuz. Balizko aukeretako bat Iradier Arena izan daiteke, baina abendura bitartean pandemiaren bilakaera asko aldatu daiteke, eta, beraz, litekeena da Last Tour aukera bat baino gehiago aztertzen ibiltzea.

Erositako sarrerak

Halaber, antolatzaileek mezuan azaldu dutenez, erositako sarrera guztiek data berrirako balio dute. Hala ere, datozen egunetan email bidez jakinaraziko zaie erosleei nola eskatu itzulketa, data berrira joaterik ez badute edo joan nahi ez badute. Era berean, kokapen berriaren berri emango zaie.

La Polla Recordsen agurra

Hamasei urtez jarduerarik gabe egon ondoren, La Polla Records berriro elkartu zen 2019an, Ni descanso ni paz izeneko disko berria argitaratu eta mundu osoan zehar hainbat kontzertu jendetsu eskaintzeko: besteak beste, Valentzia, Madril, Bilbo, Bartzelona, Buenos Aires, Lima, Santiago (Txile) eta Montevideon izan dira azken bi urte hauetan. Gasteizko kontzertua ikusmin handiena piztu duen kontzertuetako bat da, Araba taldearen sorterria delako eta taldearen agurra izango delako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide