Mar Cambrolle Jurado, Andaluziako Sylvia Rivera Trans elkartearen sortzaileetako bat eta gaur egun Trans Federazioaren presidentea izateaz gain, ibilbide luzeko LGTB eskubideen aldeko ekintzaile historikoa da. Francoren diktadurapean askapen sexualaren aldeko borrokan parte hartu zuen, eta gaur egun trans eskubideen aldeko ikur bihurtu da, Trans Legearen bultzatzailetako bat bezala.
Ekainaren 28ko Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunaren atarian, Alternatibak NuesTRANS vidas importan erakusketaren aurkezpena baliatu du Cambrolle Gasteizera ekartzeko eta trans bizitzen inguruko hausnarketa bultzatzeko. Erakusketak trans gazteen bizitzak gerturatzeko helburua du, eta irailera arte izango da ikusgai Alternatibaren Gasteizko egoitzan, Herrandarren kaleko 25. zenbakian.
Pertsona transexualen bizitzak naturalizatu nahi dituzten erreferente positiboak biltzen dituen erakusketa da. Izhan Alcantara Er Reverte artistak egindako 15 ilustrazioz osatutako lana da, esperientzia pertsonaletik, lehen eskutik, kontatuta. Gainera, QR kode baten bidez ikus daitezkeen bideo interaktiboekin lagunduta dago.
"Izen abizena duten gazteak dira, guztiok bezala ikasi, lan egin, kirola egin eta harreman sozialak dituztenak. Eguneroko bizitzak, arruntak akaso askorentzat, baina aldi berean eduki politiko handiarekin: pertsonala politikoa delako, bizitzak politikoak direlako", azaldu du Alternatibako Feminismoen Mahaiko arduradun Monika Plazaolak. "Trans pertsonek ezin dutelako, gaur egun, berdintasunean, eskubide guztiekin, duin eta libre bizi. Horietako batzuk bizitzak ezagutzeko aukera dugu gaurtik aurrera".
Trans Legearen alde
Erakusketaz gain, arratsaldean hausnarketarako tartea izan da. 18:00etan, erakusketaren inaugurazio ofizialarekin batera, Marekin solasaldia izan dute, azken aldian bolo bolo dabilen Trans Pertsonen Berdintasunaren Legearen inguruan aritzeko. "Hego Euskal Herrian (Nafarroan zein EAEn) duela urte batzuk defendatu eta lortu genuen moduan, berdin defendatzen dugu Espainako estaturako: trans pertsonen autodeterminazioa bermatu beharreko eskubidea da", aldarrikatu du Alternatibak.
"Trans pertsonek askotariko diskriminazio eta bazterketa bizi dute, egunero, eremu guztietan. Are gehiago horietako batzuk, emakume trans kasu, emakume izateagatik, errefuxiatuak, arrazializatuak... Kolektiboen aldarrikapen historikoa da eta oinarrizko eskubideen kontua da", adierazi du Alternatibak, Trans Legea defendatuz. "Kontziente gara lege batek ezin duela egiturazko errealitate bati guztiz erantzun, noski, baina ezinbestekoa izango da babesgabetasun hori ezabatzeko eta eskubideak betetzea exijitzeko".
"Aldi berean, borrokan jarraitu beharko dugu, egunero, bitarra, heteronormatiboa, sexista, arrazista eta neoliberala den gure gizartea eraldatzeko, denok libre bizi ahalko dugun gizartea izan arte. Ez da identitate baztertzaileen kontu bat, justizia kontua baizik. Trans pertsonen bizi baldintzak hobetzeak gure jendartea hobetuko du, denok askeago egingo gaitu", gaineratu dute.