1.500 euroko sari bana eta 2022. urteko programazioan erakusketa bateratu bat. Hori izan da Arte Vital 2021 lehiaketako lau irabazleek eskuratu dutena. Joan den astean banatu ziren sariak, eta, erakusketa berezi horretara itxaron behar izan gabe, lanak hilaren 27ra arte ere ikusgai egongo dira, Vital Fundazioaren erakusketa aretoan.
Irabazleen artean egon ez direnak haien lana erakusteko moduan egongo dira aurten, aurrenekoz fundazioak erabaki duelako lan horiek guztiak bildu eta webgunean bederen jende ororen esku jartzea.
Ez dira gutxi: orotara 135 lan aurkeztu dira aurtengo ediziora. Jakina denez, artearen mundua pertzepzioen eta gustuen araberakoa izan ohi da; hortaz, orain arte azaleratu ez diren talentu berrien bila ari diren arte adituek aukera izango dute webgunean bertan kuxkuxeatu eta harribitxi potentzialak topatzeko.
Artea balioetsi
Pinturan, eskulturan, argazkigintzan eta beste teknika batzuetan Araban egindako lanen sorrera bultzatu nahi izan du lehiaketak. Antolatzaileen esanetan, "bertako artisten lana balioesten" saiatu dira, artista berriei lehen aukera bat eman ahal izateko.
Ohi bezala, aurkeztutako lanetan pinturak izan du protagonismo handiena: formatu horretan 64 lan aurkeztu dira. Orpoz orpo joan dira argazkiak, 31 lanekin; beste 19 eskultura ere aurkeztu dira. Gainerako 21 lanak beste hainbat teknikari dagozkie.
Hauek izan dira aurtengo edizioan saritutakoak: pinturan, Remedios Aransaez nagusitu da, Paisaje lanarekin. Argazkian, Gert Voor Int Holt aukeratu dute, Smile izeneko zuri beltzeko argazki batengatik. Akrilikoz eta egurrez egindako eskultura baten kariaz Pablo Alonso saritu dute. Laugarren saria Asier Aginakori egokitu zaio, La entropia izeneko fineart inprimaketa teknika lana aurkezteagatik.
