Lau emakume artista hautatu ditu Montehermosok 2022an beren lanak aurkezteko

Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 11:30
Natalia Suarez gazte gasteiztarra, saritutako lau artisten artean. / TABAKALERA

Montehermoso Kulturuneak Anabel Quincoces eta Natalia Suarez gasteiztarren eta Begoña Anton eta Estibaliz Sadaba bilbotarren lanak hautatu ditu proiektu artistikoen deialdian. 2022an zehar aurkeztuko dituzte.

"Programa honek tokiko artisten proiektuak landu, erakutsi eta zabaltzea du helburu, horien bitartez jardun artistiko garaikidearen alorrean lantzen ari diren lengoaia eta diskurtso berriak ezagutarazi eta horietaz hausnartzearren", azaldu du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak.

Aurtengo deialdiak 61 proiektu jaso ditu guztira, eta epaimahaiak emakumeen lau lan hautatu dituzte, eta "gure sortzaile emakumeen lanaren kalitatea" azpimarratu du Cantok. Aurten, Leyre Goikoetxea arte komisarioak, EHUn Artearen Historiako irakasle Garazi Ansak eta Montehermoso Kulturuneko zuzendari Luis Maria Pascualek osatu dute epaimahaia.

Datorren urtean, 2022an, euren lanak Montehermoso jauregian aurkeztu ahal izango dituzte saritutako lau artistek, Kulturuneko erakusketa programaren barruan. Horrekin batera, 6.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du lan bakoitzak, eta katalogo bat argitaratuko da.

Hydra - El fluido traslúcido. Anabel Quincoces (Gasteiz 1968)

Ibai uretako biztanleak aitzaki hartuta, artistak aurkeztu duen proiektuak instalazio eskultorikoak aztertu, hauteman eta egiteko lana du hausnargai; eta horretarako, mendeetan zehar garraiatutako eta etengabe aldatzen diren lohi eta sedimentuak erabili ditu. Halaber, Panspermiaren hipotesia baliatu du (ustez beste planeta batzuetatik Lur planetara nahita bidalitako mikroorganismoen balizko garraio bat), horren bidez bizitzari hasiera emateko. Zehatzago, hydrak ditu hizpide, zeinen morfologiak zein aldatu eta birsortzeko gaitasunak jatorrizko moldera itzultzeko ahalmena ematen baitiete, baita erabat birrindu eta txikitu badituzte ere.

Hydra-El fluido traslúcido bideo-irudiak zeharkatutako eta berariaz Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegirako pentsatutako bederatzi instalazio eskultorikoz osaturiko esku-hartze artistikoa da.

Negro Cremoso. Natalia Suarez Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1994)

Tinta orban bat edo marra bat egitea batere funtzio edo zeresanik gabeko egintzak dira, ez bada horiek gertatze hutsaren zentzua. Artistarentzat hori zerbait bizitzeko oso modu garbia da, zamarik gabekoa. Oro har, margotze lanean oso modu zehatzean arrastatu behar da masa, harik eta modu egokiarekin asmatu arte. Margo trazu bat ez da tramite hutsa; zerbait margolan amaitu izatera iristen bada, trazu bakoitzak izaera propio eta berezkoa duelako izango da, zerbait modu jakin batean gertatu delako, eta ez beste inolaz; horren ondorioz, aleak trazu horiek diren karaktereen batuketari dagokion izaeraz jantziko da. Gauza bera marrazketan ere.

Artistak, azken margoan abiarazi duen lan ildotik abiatuta, tamaina handiko koadro sorta bat sortuko du, itxuraz orain arte egin dituen margo eta marrazkietan baino bakarti eta monolitikoagoak.

Botanical Frenzy.  Begoña Anton (Bilbo 1983)

Diziplina anitzeko proiektu honek kolonialismo botanikoaren eta landare itsutasunaren historia jorratzen du, "orkideen sukarra" deitutako fenomenoaren bitartez. Orkideen eta gainerako landareen ustiakuntza komertziala aztertzen du. Sir Joseph Bank (Cook kapitainak gobernatu zuen HMS Endeavour ontziko botanikariak) 1768an Ekialdeko Indietako orkideak Europara lehen aldiz ekarri zituenetik, oihanen arpilaketak ez du etenik izan. Hainbesteraino, non munduan ezagutzen diren 380.000 landare espezien arteko %20 desagertzeko arriskuan baitago.

Artistak argazki domestikoak eta artxiboko materiala jorratu, collagea baliatu eta posta zigilu bilduma bat sortuko du, kolonizazio botanikoa eta orkideen garrantzia erakusteko. Landare horren inguruan –eta batez ere Ingalaterran– orkidea-hazle, bilduma-zale, feria, lehiaketa, etxez etxeko zaintzaileak, orkideen mutazioetan adituak eta abar ikusi ahal izango dira.

Espacios para habitar. Estibaliz Sadaba (Bilbo 1963)

Estibalizek proiektu bat sortu du hirian zehar egindako ibilera eta nora-hara galduen bidez; horien bidez agerian jarriko du gorputz femeninoak mobilizatzeko eta esperientzia mikropolitikoak aktibatzeko duen deserosotasuna, hartara ahizpatasun edo sororitatea adierazte aldera, eta horien bitartez, esperientzia kolektibo, pertsonal eta historikoak transmititze aldera, erreferentzia intelektual eta afektiboen kartografia bat osatzeraino.

Proiektu artistiko honetan egileak instalazio bat planteatzen du, irudia, soinua, performancea, collagea eta marrazkiaren bitartez, emakumeek historikoki espazio publikoarekin izan duten harreman zailtasunari buruz hausnarketa egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide