Postu parte-hartzaile batek Gasteizko auzo guztiak bisitatuko ditu

Erredakzioa 2021ko eka. 8a, 10:00
Auzoetatik igaroko den postuaren aurkezpena, Zabalganean. / GASTEIZKO UDALA

Udalaren informazio postu parte-hartzaile batek agintaldiko estrategia auzoetara hurbildu eta herritarren ekarpenak jasoko ditu auzoz auzo, hiriaren geroa definitzeko.

Astelehen honetatik aurrera eta datozen 25 egunetan, informazio postu bat Gasteizko auzoetan zehar ibiliko da, bi helburu nagusirekin: batetik, agintaldiaren erdian Udalaren Agenda Gasteiztarra 2023 estrategia herritarrengana hurbiltzea, proiektu nagusien berri emateko; bestetik, herritar horien ekarpenak jasotzea, hiriaren oraina eta geroa eraikitzeko partaidetza bultzatuz. "Hiria egiteko modurik onena herritarrekin batera egitea da, auzoz auzo, eta horixe da gaur aurkezten dugun ekintzaren xedea", adierazi du Gorka Urtaranek.

Egitasmoak Gasteiz Green Deal estrategia eta Udalaren agendako hiru ekintza-ardatz nagusiak izango ditu oinarri: "Kalitatezko zerbitzu publikoa mantentzea, ekonomia berde eta dinamikoa garatzea eta abangoardiazko azpiegiturak bultzatzea, tamaina ertaineko Europako hirien artean goi mailan egoteko", azaldu du alkateak.

Postuak, besteak beste, udal gobernuaren konpromisoen balantzea egingo du modu grafikoan: "Agintaldi planaren erdian, helburuen %50 bete dugu: 86 konpromisoetatik hamar guztiz gauzatu dira, eta beste 76ak bidean dira", ziurtatu du Urtaranek. Era berean, Agenda Gasteiztarraren sei ardatz estrategikoen eta proiektu estrategiko nagusiei buruzko informazioa zehatza emango du postu ibiltariak: tranbiaren luzapenak, abiadura handiaren etorrera, autobus elektriko adimentsua, Principal Antzokiaren eraberritzea, auzoetako 100 milioi euroko inbertsioa…

25 eguneko topagune ibiltaria

Parte hartzeari dagokionez, ekarpenak egiteko hainbat gune izango dira: Gasteiz Green Dealen oinarritutako estrategia eraikitzeko proposamenetarako guneaz gain, aukera egongo da hiri guztirako zein auzoetarako proposamenak egiteko. Eta horrekin batera, haurrentzako txokoak marrazkien bitartez parte hartzera gonbidatuko ditu haurrak.

Datozen 25 egunetan zehar, astelehenetik ostiralera egongo da topagunea auzo batean edo bestean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Alkatea eta zinegotziak aldiro bertaratuko dira, herritarren kezkak lehen eskutik jasotzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide