Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak berritutako lankidetza hitzarmena aurkeztu dute astelehen honetan. Horrekin batera, hitzarmenaren barruan aintzat hartutako Gasteizko toponimia. Arratzua III liburuaren berri eman dute Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak, Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateorde eta Euskarako zinegotziak eta liburuaren egileak berak.
Elena Martinez de Madina ikerlari eta euskaltzain urgazlearen lana Gasteizko toponimiaren inguruko sailaren azken alea da. Bere ikerlanak udalerri osoko toponimia historikoa eta gaur egungoa aztertu ditu; hots, hiria bera eta udalerriko 63 herri. Arratzuko merindadearen ohiko toponimiak aztertzen dituen liburu honekin amaituko da berari eskainitako hiru aleko seriea. Oraingo lan honetan zazpi herri aztertu dira: Ilarratza, Jungitu, Lubinau, Matauku, Oreitia, Uribarri Arratzua eta Zerio.
Lankidetza hitzarmena
Liburuaren aurkezpena baliatu dute Udalak eta Euskaltzaindiak urteko lankidetza hitzarmena jendaurrean sinatzeko. Hitzarmen berriari esker, hirian euskara sustatzen ahaleginduko da Udala, Euskaltzaindiarekin elkarlanean. Horretarako, Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskararen Akademiari, urte osoan kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak antolatzeko. Horrez gain, Euskaltzaindiaren aholkularitza emango dio Udalari euskararekin lotutako gaietan.