ARTgia, lau urte artearen argipean

Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 11:00
Erakusketa baten aurkezpena ARTgia arte galerian. / Argazkia: ARTgia.com

Ekainaren 25era bitartean, bere laugarren urteurrena ospatuko du ARTgia sorgune eta aretoak. Besteak beste, kontzertuak, dokumental proiekzioak eta liburu aurkezpenak izango dira Judimendiko arte galerian.

Udaren atarian, Gasteizko Judimendi auzoko Jose Lejarreta kaleko 41. zenbakian kokatutako ARTgia Sorgune & Aretoak lau urte bete ditu, eta "ikusleengandik, artistengandik, musikariengandik, kazetariengandik eta abarrengandik" jasotako babesa eskertzeko egitaraua antolatu dute ekainerako.

Egitaraua joan den ostiralean hasi zen, ekainaren 4an, Aurora Briz eta Juantxu ta Solo musikarien eskutik. Ekainaren 11n, Cucharachas musika talde gasteiztarra ere izango da ARTgian. Ekainaren 17an, berriz, Eskoriatzako Oihana Arana idazleak Lazunak azazkaletan bere liburua aurkeztuko du. Ekainaren 18an, Marta Aguirre eta Miss SanSanek dantza eta bideo proiekzioak uztartuko dituzte, Sua ikuskizunean.

Amaitzeko, ekainaren 25ean, Mikel Ezkerro gasteiztararen VIVE vol. ⅓ dokumentalaren aurkezpena hartuko du aretoak. Ezkerrok Peruko horma-irudigintza ikertu du dokumentalean, eta proiekzioaren ostean, kale-arte sozialaren inguruko mahai inguru bat antolatu dute. Raperoak, graffiteroak, kale-antzerkilariak, horma-irudigileak eta espazio publikoa arte adierazpen ezberdinen bidez aktibatzen duten artistak izango dira bertan.

Dagoeneko sarrerak erreserba daitezke, artgiada@gmail.com helbidera idatziz; mezuan, ikuskizuna, izen-abizenak eta telefonoa adierazi beharko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide