Pandemian zehar herri mugimenduak egindako lana goraipatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2021eko ekainaren 7a

Larunbatean, Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko lelopean, Gasteizko kaleak hartu zituzten ehunka lagunek, pandemian zehar "herritarrek zein kolektiboek egindako lan guztia" aitortzeko, eta herri mugimendutik udari ongietorria emateko.

Goizeko 11:00etatik aurrera, zortzi gune izan ziren hiriko hainbat plazatan: Iparraldeko Parkean, Jolasten Gunea; Probintzia plazan, Elkartasuna Gunea; Martxoak 3 plazan, Ahazten Ez Gunea; Kutxi 72n, Ereiten Gunea; Rafa plazan, Okupatzen Gunea; Bollerias plazan, Errebeldea Gune Feminista; Andre Maria Zuriaren plazan; Kaleak bizikletaz Gunea; eta Sefarad plazan, Antzezten Gunea.

Gune bakoitzak herri mugimenduko edo kulturako eragile talde batek kudeatu zuen, eta, ondoren, 13:00etan, guztiek bat egin zuten San Anton plazatik abiatutako manifestazioan.

Azkenik, ekitaldian, mugimendu feministako kide batek, pentsionista batek, gazte mugimenduko kide batek, Olarizun okupatutako etxebizitzetako bizilagun batek eta osasungintzako langile batek hartu zuten hitza, "elkar zaintzen, antolatzen, borrokatzen eta kaleak hartzen" jarraitzeko deia zabalduz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago