Zabalganeko tranbiaren trazadura Lovainan hasi eta Abendañotik joango da

Erredakzioa 2021ko eka. 4a, 12:30
Tranbia Zabalganetik zabaltzeko proiektua. / GASTEIZKO UDALA

Zabalganeko tranbia Lovaina plazaren ingurunean lotuko zaio egungo sareari. Proiektuak sei kilometroko trazadura aurreikusi du tranbia-bide bikoitzean, eta bi lotura alternatibo aztertuko ditu Lovainan eta Kontxetan.

Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak tranbia Zabalgana auzoraino eramateko trazadura adostu dute jada, eta ostiral honetan aurkeztu dute jendaurrean. Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan izan dira Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Garraio sailburu Iñaki Arriola eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez.

Orain arteko asmoa Abiadura Handiko Trenaren trenbide lurperatzeak askatutako espazioaren bitartez auzoa hiriaren erdialdearekin tranbiaz lotzea zen, tranbia izanik korridore horren elementu egituratzaile. Nolanahi ere, trenbide-sarbide berria lurperatzeak baldintzatu du aurreikusitako konponbidea eta gaur egungo sarearekiko konexioa.

Hori dela eta, hiru erakundeek beste aukera batzuk aztertu dituzte, lurperatze proiektuaren epeen menpe ez egoteko. Hala ere, lanak ez dira hasiko gutxienez 2024ra arte.

Agerraldian azaldu dutenez, trazadura berria San Martin auzoan barrena hedatuko da, eta hainbat alternatiba daude mahai gainean: Gasteizko erdialdearekin lotzeko bi aukera hartzen ditu aintzat Lovaina ingurunean, eta Zabalgana auzoarekin lotzeko beste bi aukera aztertuko ditu

 

Euskal Trenbide Sareak joan den astean esleitu zuen proiektuaren zati berritzaileari buruzko informazio-azterketaren eguneratzea, Lovaina ingurunearen eta Zabalgana hiribidearen arteko tartearen trazadura behin betiko zehazteko.

Puntu horretatik aurrera eta trazaduraren gainerakorako, baliagarria da Zabalganera Jundizko eta Mariturriko adarretatik iristea aurreikusten zuen aurreko azterketa.

Aldi berean, tranbiaren kotxetegien kokalekuari buruzko informazio-azterketa tramitatzen jarraituko da. Bi kokagune aztertzen ari dira, bat Aretxabaleta inguruan eta bestea Salburua auzoan.

Informazio-azterketa

Adjudikatutako azterketak hiri-integrazioaren ikuspuntutik aztertu beharko du egungo trazadurarekin konektatzeko aukera emango duen modalitate arteko geralekua, baita egungo egoerarekin bateragarria den eta Zabalgana hirigunearekin lotzen duen ustiapenik egokiena ere.

Azterketa horretan aztergai izango dira, halaber, eraginpean dauden hiri-elementuen birkokapena (autobusen eta taxien geralekuak, zama-lanetarako eremuak, aparkalekuak, edukiontziak eta abar), oinezkoentzako ibilbideen analisia eta trafikoaren doikuntzak eta desbideratzeak, betiere ustiapen faseetan.

Informazio-azterketaren eguneratze horren ondoren, berriro ere jarriko da proiektua jendaurrean, herritarrek proiektua kontsultatu eta bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkez ditzaten.

Alternatibak

Hedapena ez da sei kilometrotik gorakoa izango, tranbia-bide bikoitzean. Lovainarekin konektatu ostean, trazadura jarraitzeko bi aukera daude, Ama Vedruna kalean barrena edo Adriano VI.aren kalean barrena bideratzea, Abendaño, Diaz de Olano margolariaren eta Teodoro Dublang margolariaren kaleetatik jarraitzeko. Hemen aukera dago, batetik, zuzen jarraitzeko edo, bestetik, Pedro Asua kalerantz biratzeko eta Kalkutako Teresa kalearen eta Mediterraneoaren hiribidearen arteko elkargunearekin konektatzeko.

Puntu horretan, bat egingo luke aurreko informazio-azterketarekin. Azterketa horrek definitzen zuen Zabalgana etorbidean zeharreko ibilbidea, gero, bitan banatuko litzatekeena: batetik, Nazio Batuen hiribidera egingo luke, Mariturri bulebarreraino; eta, bestetik, Zabalgana etorbidetik jarraituko luke Giza Eskubideen hiribideraino, eta Iruña-Veleia hiribidean barrena jarraituz, Sofia Erreginaren hiribidearen eta Mariturri bulebarraren arteko elkarguneraino.

Iñaki Arriola, Gorka Urtaran eta Ramiro Gonzalez, proiektuaren aurkezpenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide