Erromatarren garaira itzuliko da Zabalgana, Armentumeko Historia Astearekin

Ekainaren 17tik 20ra bitartean, I. Historia Aste Erromatarra antolatu du Zabalgana Batuz auzo elkarteak Mariturriko Armentumeko aztarnategian. Erromatar garaia berbizitzeko hogei jarduera antolatuko dituzte.

Zabalgana Batuz auzo elkarteak Armentumeko I. Historia Aste Erromatarra antolatu du ekainaren 17tik 20ra, auzoko Mariturriko sektoreko aztarnategiaren garrantzia nabarmentzeko helburuarekin, eta, bide batez, herritar guztientzako eskaintza kultural eta soziala antolatzeko.

Alain Larreinak, berriz, kultur aste erromatarraren egitarauaren xehetasunak aurreratu ditu: hogei bat hitzordu izango dira, eta askotariko jarduerak eskainiko dira herritar guztientzat, "tokiaren historia ezagutarazteko" asmoz: antzerkia, dantza, musika, lantegi didaktikoak, erromatar bizitzaren antzezpenak eta hainbat sorpresa ere.

Gainera, Paquita Saenz de Urturi arkeologoaren parte hartzea nabarmendu eta eskertu dute. Izan ere, indusketa proiektuaren egileak hitzaldi bat eta gunearen bisita gidatu bat eskainiko ditu ekainaren 20an, igandean. Arkeologoak Armentum-Mariturri parkearen sekretuetan sakonduko du, arkeologia aztarnategi bat hiri eta etxebizitza ingurune berri batean integratu eta musealizatzeko eredu gisa.

Armentum-Mariturri

"Armentumeko aztarnategia ezagutzera eman nahi dugu, ondare balio handia duelako, baita kokatuta dagoen gunea sozialki suspertu ere", adierazi du Estibaliz Canto Kultura zinegotziak ekimenaren aurkezpenean. "Erromatarrek aztarna garrantzitsua utzi zuten gure hirian, eta historian erabakigarria izan den zibilizazio horren handitasuna eta jakintza zabaltzeko aukera ematen digu", gaineratu du. Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakua eta Zabalgana Batuzeko arduradun Alain Larreina berarekin izan dira prentsaurrekoan.

Armentumeko I. Historia Aste Erromatarra Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiko Arkeologia Sailaren, Arabako Arkeologia Institutuaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatu da.

 

EGITARAUA

Ekainak 17 eta 18:

  • Erakusketa ibiltaria Mariturriko saltoki eta eskoletan.

Ekainak 19, goizean:

  • 11:00 Informazio-panelen erakusketa iraunkorra
  • 11:00 Familientzako lantegiak
  • 12:00 Kirola erromatarren garaian
  • 12:00 Enperadorearen altxorraren bila
  • 12:00 Ipuin kontalaria: Mari Mariturrira doa bisitan
  • 13:00 Dantza

Ekainak 19, arratsaldean:

  • 17:00 Erromatar bizitza birsortzea
  • 17:00 Familientzako lantegiak
  • 18:00 Antzezpena: Mariturriko kondaira
  • 20:00 Kontzertua historiarekin

Ekainak 20, goizean:

  • 11:00 Erromatar bizitza birsortzea
  • 11:00 Familientzako lantegiak: Erromako mapa eta Mariturriko maketa
  • 12:00 Enperadorearen altxorraren bila
  • 12:00 Antzezpena: Mariturriko kondaira
  • 12:00 Sketchinga Mariturrin
  • 12:00 Hamaiketakoa La Vitorianaren kontura
  • 13:00 Arkeologia hitzaldia: Paquita Seenz de Urturi

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide