Hasi dira Mendizorrotza eta Esmaltazioen arteko bideak asfaltatzeko lanak

Erredakzioa 2021ko eka. 2a, 08:00

Gasteizko Udalak 1,7 milioi euroko inbertsioa egingo du Mendizorrotza eta Esmaltazioen arteko bideetako bi kilometro asfaltatzeko. Obra horiek trafikoari eta Tuvisaren ibilbideei eragingo die datozen asteetan.

Esku hartzea Salbaterrabide, Araba eta Zumakadi kaleak asfaltatzeko egingo da. Lerro zuzenean bi kilometroko ibilbidea osatuko du, eta 23.000 metro koadrori eragingo die. 25 zentimetro fresatu eta, ondoren, hiru asfalto geruza jarriko dira. Izan ere, zoladura egoera txarrean dago, eta egunero bertatik pasatzen diren herritarren zein gidari profesionalen erreklamazioa izan da hori konpontzea.

Firmes Alaveses eta Yarritu enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarte esleipendunak bost hilabeteko epea izango ditu lanak gauzatzeko. Lanak hainbat fasetan egingo dira, eragozpenak gutxitze aldera. Horien lehenengo fasea astearte honetan hasi da, eta hainbat aste iraungo du: Zumakadin, Esmaltazioak eta Izardui Komandantearen kaleen artean, egingo da. Gainerako fasetan Mendizorrotzerantz, mendebalderantz, egingo dira lanak.

 

Eragina trafikoan

Lanak amaitu ostean, bertatik igaroko dira Tuvisaren zein BEAren garraio publikoa eta trafiko pribatua. Obrek iraun bitartean, ordea, aldaketak izango dira zonalde osoko trafikoan.

Alde batetik, ibilgailuek debekatuta izango dute mendebalderako noranzkoan bertatik zirkulatzea, Tuvisako autobusen kasuan izan ezik; betiere lanek uzten badute. Halaber, tarte horretan aparkatzea ere debekatuta egongo da.

Bestalde, lehen faseak bi azpifase izango ditu:

1. Atari bakoitien fasea

Lanak iparraldeko aldean egiten direnean, atari bakoitien ondoan, zirkulazio bide bakarra utziko da, Esmaltazioetarako noranzkoan. Adurtza eta Alberto Schommer kaleetara ere ezingo da sartu, sarrera-irteera bakarrekoak izango baitira Heraclio Fournier eta Txalaparta kaleetatik. Lanek aurrera egin ahala zabaldu egingo dira bidegurutze horiek.

Errota kalea ez da Zumakadi ibilbidearekin lotuta izango, sarrera-irteera bakarrekoa izango baita Heraclio Fournier kaletik. Lan hauek Tuvisari ere eragingo diote. Hain zuzen ere, L2a (Mendizorrotzerantz) eta L10 lineak Esmaltazioak - Iturritxu - Izardui Komandantearen kaletik desbideratuko dira. Hori dela eta, hiru geltokitan ez da zerbitzurik emango: Zumakadi 61, Zumakadi 29 eta Hegoalde.

Geltoki berriak jarriko dira martxan: Esmaltazioen biribilgunean, Heraclio Fournier eta Zumakadi artean; Iturritxu kalean, Gurutzmendi haur eskolan; eta 3/9 lineako Zumakadi - Izarduy Komandantearen geltokian, L2A linearentzat. L2B linearen Hegoaldeko geltokia zerbitzurik gabe geratuko da, baina Zumakadi plazara aldatuko da behin-behinean.

2. Atari bikoitien fasea

Bidearen beste aldeko lanak egitean (atari bikoitietan), mantendu egingo da ekialdeko noranzkoa eta mendebalderako noranzkoa baimenduko zaio Tuvisari, eta ibilbidea zein geltokiak berreskuratuko ditu. Ibilgailuek ere Adurtza, Errota eta Alberto Schommer kaleekiko konexioa berreskuratuko dute, eta baimenduta egongo da Zumakadi ibilbidearen hegoaldeko aparkalekuetan sartzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide