18 hilabeteko zigor eskaera 2020ko greba orokorrean parte hartzeagatik

Erredakzioa 2021ko eka. 1a, 11:30
Tentsio uneak 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean. / Argazkia: HALA BEDI

Asteazken honetan, pertsona bat epaituko dute Gasteizen agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak egotzita, 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartzeagatik. 9:30ean elkarretaratzea deitu du Eskubide Sozialen Kartak.

2020ko urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko greba orokorra deitu zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Milaka langile eta herritar mobilizatu ziren deialdiarekin bat eginez, baita Gasteizen ere.

Azken hilabeteetan, grebalariek isun ugari jaso dituzte, eta hori "aldaketa soziala kriminalizatzeko saiakera" baten barruan kokatu du Eskubide Sozialen Kartak. "Gure lan eta bizi baldintzak pobretu eta prekarizatzen dituztenek etxean, isilik eta otzan nahi gaituzte", salatu dute. "Ez da onargarria eskubide sozialen alde dauden herritarrak zigortzea, kapitala pertsonen bizitzaren gainetik jartzen dituztenekin akordioak egiten diren bitartean".

Epaiketa

Testuinguru horretan, jasotako isunei epaiketa bat gehituko zaie. Izan ere, asteazken honetan, ekainaren 2an, grebalari bat epaituko dute Gasteizen, agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak egotzita, ustez greba orokorraren egunean gertatutako istiluetan parte hartzeagatik. Fiskaltzak 18 hilabeteko kartzela zigorra eta kalte-ordainak eskatzen dizkio.

Eskubide Sozialen Kartak jakitera eman duenez, pertsona hori ez zuten egun horretan identifikatu, ezta atxilotu ere. Horren aurrean, epaituko duten pertsonari "babes osoa" emateko eta bere absoluzioa eskatzeko, elkarretaratzea deitu dute, 9:30ean Gasteizko epaitegien aurrean. "Irmoki salatzen dugu errepresioa eta askatasun politikoen aurkako epaiketa honek dakarren eraso larria", salatu dute.

Azkenik, "lan, pentsio eta bizitza duinen alde" mobilizatzen jarraituko duela ohartarazi du Eskubide Sozialen Kartak, eta bere "babesik eta eskerrik beroenak" helarazi dizkie grebalari guztiei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide