Pertsona bat atxilotu dute Gasteizen, Arabako PPko buruzagi bati eraso egiteagatik

Erredakzioa 2021ko mai. 31a, 08:30
Iñaki Garcia Calvo, Arabako PPko Komunikazio idazkariordea eta Gasteizko zinegotzi ohia. / @IGarcia_Calvo

Larunbatean, bera eta beste hiru lagunen aurkako erasoa salatu zuen Iñaki Garcia Calvo Arabako PPko Komunikazio idazkariorde eta Gasteizko zinegotzi ohiak. Ertzaintzak 23 urteko gazte bat atxilotu du, eta Udalak erasoa gaitzetsi du.

PPk gertatutakoa azaltzeko zabaldutako oharraren arabera, larunbatean Gasteizko Aiztogile kaleko taberna bateko terrazan zeudela, ezezagun batzuek Iñaki Garcia Calvori eta beste hiru laguni eraso egin zieten.

Garcia Calvok azaldu du pertsona horiek hurbildu zitzaizkiela, eta "motibazio ideologikoa argiarekin" galdetu zietela ea PPkoak ote ziren. Oharraren arabera, tabernatik alde egin behar zutela esan zieten ondoren, eta edariz betetako bi edalontzi bota zizkioten gainetik. Mahaitik altxatzean, beste pertsona batek zaplazteko bat eman omen zion.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, beste sei gizon gehitu zitzaizkion erasoari. Lau lagunek osasun laguntza jaso behar izan zuten ospitalean, eta horietako batek, gainera, zauri bat zuen bekainean zauri bat zuelako.

Igandean, erasotzaileak identifikatzeko egindako ikerketaren ondorioz, Ertzaintzak 23 urteko gazte baten atxiloketa baieztatu zuen. Atxilotua epaitegira eraman zuten, dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren. Gainera, Ertzaintzak baieztatu du ikerketa zabalik dagoela.

Arbuioa

"Bere ideiengatik" kideei egindako erasoa gaitzetsi du PPk, eta "gorroto delitu" gisa jazartzeko eskatu du. "Eraso honek agerian uzten du gorrotoa eta sektarismoa oraindik ere badaudela euskal gazteriaren zati batean, eta nazionalistak ez garenak beldurtu nahi dituzte", adierazi du Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidenteak. "Ez dute lortuko", ohartarazi du.

Bestalde, EAEko PPko presidente Carlos Iturgaizek "piztia erradikalei" egotzi die erasoa, eta Ertzaintza zoriondu du atxiloketagatik. Gainera, EH Bilduri "ñabardurarik gabeko gaitzespena" eskatu dio. "Euskadin ghetto proetarrak eta askatasun falta daude oraindik", ohartarazi du Iturgaizek.  

Alderdi guztiek gertatutakoa arbuiatu dute, eta Iñaki Garcia Calvok jasotako babesa eskertu du. Hala ere, ez zaio nahikoa iruditu EH Bilduko bozeramaile Felix Gonzalezek plazaratutako mezua, eta "koldarkeria eta altuera politiko falta" leporatu dio talde subiranistari.

Udal taldeen gaitzespena

Astelehen honetan, "ideologia politikoagatik" Iñaki Garcia Calvok jasandako erasoari "gaitzespena eta arbuioa" agertzeko adierazpena plazaratu du Gasteizko Udalak, EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin talde politikoen babesarekin. EH Bilduk ez du testua babestu "gaitzespen" hitza aipatzen duelako, igandean alderdiak erasoei "arbuioa" eta "kaltetuei elkartasuna" adierazi arren.

"Gertakari horiek ez dute inolaz ere hiriaren irudia ematen; bizikidetza, tolerantzia eta aniztasunaren errespetua baitira berorren ezaugarriak", adierazi du Gasteizko Udalak. Horrekin batera, "gertutasuna eta babesa" adierazi die lau gazteei eta alderdikide guztiei.

Gasteizko Udaleko talde politikoen bozeramaileak. / GASTEIZKO UDALA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide