Iruña-Veleiako III. Biltzarra antolatu dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko mai. 28a, 12:30
Europa Jauregian izango da biltzarra.

Larunbat honetan, maiatzaren 29an, Iruña-Veleiako III. Biltzarra ospatuko dute Gasteizko Europa Jauregian. Lau mahai inguru egongo dira gaiaren inguruko azken informazioen inguruan.

Antonio Rodriguez Colmenero, Mari Carmen Basterretxea Urrosolo, Miguel Thomson Okatsu, Josu Naberan Naberan, Felix Rodrigo Mora, Patxi Alaña Arrinda, Joseba Mintegi Eskisabel, Paulo Arrieta Aizpuru eta Felix Zubiaga Legarreta hizlarien eskutik, Iruña-Veleiako III. Biltzarra antolatu dute Iruña-Veleia Martxan eta Euskeraren Jatorria elkarteek.

Gasteizko Europa Jauregian aurrez aurre ala streaming bidez jarraitu ahal izango da, eta izen-ematea lotura honetan egin daiteke. Aurrez aurreko biltzarrean izena ematearen prezioa 40 eurokoa da (bazkaria eta liburuxka barne); bazkaririk gabe, 25 eurokoa; ikasle eta langabetuek 15 euro; onlineko biltzarrean izena ematea (Zoom bidez), 10 euro. Eta igandeko bisita gidatua doakoa da.

"Iruña-Veleiak tristezia eta poztasuna ematen dizkigu aldi berean. Tristezia, batetik, unibertsitateek, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta hedabide gehienek altxor hau ezkutatzeko eta suntsitzeko nola egin duten lan ikusi dugulako", kritikatu dute. "Bestetik, altxor handi hau topatu zuten bi kideek, Eliseok eta Oskarrek, nola zigortzen ari diren ikusten ari garelako. Eta hirugarrenik, herri honen babesle izan behar diren erakunde gehienak eta prestigioko pertsona asko, 12 urte hauetan, ostrukarena egiten ari direlako".

Baina Iruña-Veleiaren eta euskararen jatorriaren inguruko ikerketan "bide berri eta oso aberatsa" dagoela ziurtatu dute. Hirugarren biltzar honetan lau mahai inguru antolatu dituzte: lehenengoan, azken ikerketen berri emango dute, lau ikerleren eskutik. Ondoren, epaiketan gertatutakoa aztertuko dute. Arratsaldez, "betidaniko euskalduntzea hobeto ezagutzeko" bi hizlari izango dira. Eta, azkenik, grafitoen gai erlijiosoak ezagutu eta aztertuko dituzte.

Amaitzeko, Emilio Ilarregi eta Iñaki Aldekoari eskerrak emango dizkiete: "Bidelagun izan ditugunak gogoan izango ditugu, besteak beste, jadanik gure artean ez daudenak", adierazi dute.

Egitaraua

Maiatzak 29, larunbata

  • 9:30 Harrera
  • 9:45 Mahaingurua: Grafitoei buruzko azken ikerketak
    • Antonio Rodriguez Colmenero: Veleia romana: un primer intento de síntesis
    • Mari Carmen Basterretxea Urrosolo: Iruña-Veliako material etnografikoa
    • Miguel Thomson Okatsu: La reproducibilidad de los grafitos de Iruña-Veleia y su consistencia con hallazgos previos en el yacimiento apoyan su autenticidad
    • Josu Naberan Naberan: Hizkuntzalarien Zientzia Veleiako Iruñan
  • 11:45 Atsedenaldia
  • 12:15 Mahaingurua: Iruña-Veleia lurperatu ezin izan duen epaiketa
    • Felix Rodrigo Mora: Derecho consuetudinario frente a derecho romano y derecho positivo
    • Patxi Alaña Arrinda: Iruña-Veleia: justiziaren aurkako epaiketa
  • 14: 00 Bazkaria
  • 16:00 Mahaingurua: Betidaniko euskalduntzea
    • Aitzol Altuna Ensunza: Euskalduntze berantiarra salatzen
    • Joseba Mintegi: Euskaliberieraren presentzia penintsula osoko I-V mendeetako hilarrietan
  • 17:45 Atsedenaldia
  • 18:15 Mahaingurua: Vatikanoa euskal kristautasunaren hastapenaren aurka?
    • Paulo Arrieta: Karistiar eukaristia, zenbakiak, jokuak, palindromoak, ambigramatikoak , etab.
    • Felix Zubiaga: Arkeologia eta Arketipoak
  • 19:45 Eskerraldia: Emilio Ilarregi, Iñaki Aldekoa…
  • 20:00 Amaiera

Maiatzak 30, igandea

  • 11:00 Bisita gidatua Iruña-Veleiako indusketan

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide