Greba egin dute Txagorritxu eta Santiagoko garbitzaileek, baldintza duinen alde

Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 18:00

Osakidetzaren menpeko zentroetako garbiketako langileek greba egin dute ostegun honetan, eta elkarretaratzeak egin dituzte Santiago eta Txagorritxu ospitaleetan: "Funtsezkoak bagara, baldintza duinak", aldarrikatu dute.

Dagoeneko hiru urte daramatzate borrokan Osakidetzaren menpeko zentroetako garbitzaileek. Garbialdi azpi-kontrataren langileak dira, eta, gaur egun, hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazioak blokeatuta jarraitzen du. Baina sindikatuek lan baldintza duinak exijitzen dituzte, funtsezkoak diren heinean, bereziki pandemiak agerian utzi duenez.

Gaur gehiengo sindikalak (ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK) deitutako greba eta mobilizazioekin, zazpi aldarrikapen zehatz jarri nahi izan dituzte mahai gainean, hitzarmena negoziatzeko:

  • 2012ko lanbide-karrerarako sarbidea.
  • Lanpostu hutsen estaldura arautzea, lankideak lanaldi partzialekin zigortzea saihestuz.
  • Txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea.
  • Plantillen gaineko akordioak ezartzea.
  • Absentziak ordeztea: oporrak, lizentziak... lan kargak saihestuz.
  • Lantokietan segurtasuna eta Norbera Babesteko Ekipamenduak (NBE) entregatzea.
  • Enplegua bermatzea, zerbitzua publiko bihurtuz.

Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu grebarako, eta horrek protesta "erabat baldintzatu" duela salatu dute sindikatuek. Hala ere, aldarrikapenei eusteko eta batasun sindikalean oinarritutako mobilizazioekin jarraitzeko dei egin dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide