Ikergazte kongresuak 200 ikertzaile gazte bilduko ditu Gasteizen, ekainean

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 18:20

2019ko Ikergazte Kongresua, Baionan. / UEU

Euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin, 150 artikuluren aurkezpenak, nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahainguruak eta ekintza ludikoak izango dira Europa Jauregian, ekainaren 9tik 11ra bitartean, UEUren VI. Ikergazte kongresuan.

Hiru egunetan zehar, ekainaren 9an, 10ean eta 11n, 200 ikertzaile gazte inguruk parte hartuko dute aurtengo Ikergazte kongresuan. Izan ere, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako euskarazko ikerlari gazteen kongresua Gasteizen izango da aurten, Europa Biltzar Jauregian. Maiatzaren 28ra arte zabalik dago izena emateko epea.

Ikertzaile gazte euskaldunen arteko zein beren lanen ezagutza bideratzeko asmoz, 2015ean Durangon antolatu zuten lehen aldiz Ikergazte kongresua; bigarren aldiz, 2017an, Iruñean; eta hirugarren aldiz, 2019an, Baionan. Edizio bakoitzean 150 ikertzaile baino gehiagok parte hartu dute.

Olatz Arbelaitz kongresuko zuzendariak azaldu duenez, aurtengo antolakuntza ez da batere erraza izan, Covid-19a dela eta. Hala ere, kongresua aurrez aurre antolatzeko erabakia hartu dute, Ikergazteren izaerak presentzialtasuna eskatzen zuelako. "Beste helburu batzuen artean, ikertzaile gazteek elkar ezagutzea duen kongresua ezin imajina genezakeen urruneko moduan eginda", azaldu du. Ez zaie buruhauste gutxi kostatu, eta B plana ere landu behar izan dute.

Hortaz, aurreko edizioetako helburuei eutsi eta bidea urratzen segitzeko asmoz dator Ikergazte gasteiztarra. "Ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerkuntza etxean ezagutu dadila nahi dugu, eta ikertzaileei Gasteiz eta inguruak ezagutzeko aukera ere eman nahi diegu", azaldu du Arbelaitzek.

 

150 artikulu

Aurten sekula baina ekarpen gehiago, guztira 163 artikulu, jaso dituzte batzorde zientifikoko kideek. Gainbegiratze-prozesua gainditu duten 150 lan aurkeztuko dira Gasteizen: ahozko 58 aurkezpen eta 92 poster:

  • Giza Zientziak eta Artea: 18
  • Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea: 39
  • Zientzia Zehatzak eta Natur Zientziak: 42
  • Ingeniaritza eta Arkitektura: 24
  • Osasun Zientziak: 27

Jasotako komunikazioen artean, EHU da maizen aipatu dena, eta ondoren Mondragon Unibertsitatea, aurreko edizioetako ekarpen kopurua bikoiztuz. Horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, Bordeleko unibertsitatea, University of Illinois at Urbana-Chamapaign, Vic-eko Unibertsitatea eta Granadako Unibertsitateko lanak ere kongresuan egongo dira.

Horiez gain, unibertsitateei atxikitako ikerketa-zentroak eta taldeak ere aipatzen dira beste argitalpen askotan. Aurtengo edizioan, gainera, hamalau ikerketa talde laguntzaile izango dira, aurreko ekitaldietako kopuruaren bikoitza.

Sei sari

Jakintza alor horietako bakoitzeko lanik onenari saria emango zaio kongresuaren azken egunean, Gasteizko Udalaren eskutik. Era berean, Udalbiltzak ere sari berezi bat emango du, Euskal Herriko garapenean eragin handiena izango duen ikerketa aintzat hartuz.

Iñaki Gurtubai, Gasteizko alkateordea eta Euskara zinegotzia; Lexuri Ugarte, Aldundiko Euskara zuzendaria; Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria; Inma Arostegik, EHUko Ikerketa errektoreordea eta Olatz Arbelaitz, Ikergazteko zuzendaria. / UEU

 

Euskal komunitate zientifikoa

Laugarren kongresua aurkezteko prentsaurrekoan, UEUko zuzendari Kepa Sarasolak "euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzeko" zereginean duen garrantzia azpimarratu du. Inma Arostegi EHUko Ikerketa errektoreordearen ustez, "euskarak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileak behar ditu"; helburu horrekin EHUk eta UEUk ehundu duten "elkarlan handia" goraipatu du.

Gasteiz, euskararen hiriburua

Ikergazte bezalako kongresu erreferente batek, beraz, Araba izango du geltoki aurten. Horren balioa nabarmendu dute kongresua aurkezteko prentsaurrekoan Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziak eta Lexuri Ugarte Aldundiaren Euskara zuzendariak. "Euskadiko hiriburuaz gain, euskararen hiriburua ere izan nahi dugu", ospatu du Gurtubaik; Ugartek, bere aldetik, "Arabak azken urteetan euskararen esparruan egin duen lana balioan jartzeko ekimen ezin hobea" dela azpimarratu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago