'World Tennis Tour' txapelketak ehun emakumezko kirolari bilduko ditu Gasteizen

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 17:52
2019ko txapelketaren irudi bat. @PENAVITORIANA

Hogei herrialdetako tenislariek parte hartuko dute Arabako World Tennis Tour txapelketaren bigarren edizioan.

Uztailaren 12tik 18ra bitartean Araba World Tennis Tour txapelketaren bigarren edizioa jokatuko da, Gasteizko Peña Vitoriaren instalazioetan. ITF 60 kategoriako txapelketa da, eta 20 herrialdetako 120 jokalari inguruk hartuko dute parte munduko zirkuiturako puntuagarria izango den proban. ITF-Nazioarteko Tenis Federazioak ikuskatuko du txapelketa.

Iaz, bertan behera geratu zen txapelketa hori pandemia zela eta, eta aurten jarduera sendotzearen aldeko apustua egin du Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesari esker.

Azalera gogorreko lau pistatan jokatuko dira partidak, banakako eta binakako kategorietan. Banaka multzo nagusian 32 jokalari arituko dira, eta horien artean, Arabako sailkapeneko lehen lekua duen Marta Garcia izango da. Banakako aurretiazko fasean 24 jokalari izango dira. Binakakoetan 16 bikotek osatuko dute txapelketaren multzo nagusia.

Hogei bat herrialdetako jokalariek hartuko dute parte: Espainia, Grezia, Paraguai, Argentina, Austria, Alemania, Errusia, Holanda, Frantzia, Norvegia, Brasil, Mazedonia, Venezuela, Italia, Erresuma Batua, Belgika eta Mexiko

Ekitaldia Gasteiz hirira zabaltzeko asmoz, gainera, jarduera bat antolatuko da Andre Maria Zuriaren plazan, mini tenis-pistak erabiliz. Horretan, Peña Vitorianako entrenatzaileekin eta txapelketako jokalariren batekin aritu ahal izango dira parte hartzen dutenek. Horrekin batera, jarduera paraleloak izango dira; horien artean, proam txapelketa, gurpildun aulkiko tenis-erakustaldia eta umeekin clinic bat, Peña Vitoriaren instalazioetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide