Uda honetan, kirola, jarduera nautikoak eta nagusientzako irteerak Gasteizen

Erredakzioa 2021ko mai. 25a, 19:30

6.900 plaza baino gehiago eskainiko ditu Gasteizko Udalak uda honetako kirol programazioaren barruan. 300 jarduera baino gehiago antolatuko dira gizarte etxeetan, Mendizorrotzean, Gamarran, Uribarri-Ganboan eta Gasteizko inguru naturaletan.

Aniztasuna bilatu du Gasteizko Udalak uda honetako kirol programazioa osatzeko. Izan ere, intentsitate ezberdineko askotariko jarduerak izango dira, 8 eta 99 urte bitarteko adin guztietako pertsonei zuzendutakoak. Gainera, espazio ugari baliatuko dira jarduera horiek egiteko: gizarte etxeak, Mendizorrotza eta Gamarrako kirol instalazioak, Uribarri-Ganboako urtegia edota hiriaren inguruko eremu naturalak.

Programaren barruan, Udalak hiru kanpaina aurkeztu ditu: udako kirol jardueren kanpaina gizarte etxe eta kirol instalazioetan, jarduera nautikoen kanpaina eta 55 urtetik gorako pertsonentzako ibilaldiak. Guztira, 6.910 plaza eta 300 jarduera baino gehiago eskainiko ditu.

Izen-emateak gizarte etxe zein kiroldegietako informazio-zerbitzuetan, Mendizorrotzeko kirol esparruan, Gamarrako parkean, herritarrei laguntzeko bulegoetan, 010 informazio-telefonoaren bitartez eta Udalaren webgunearen bidez egin beharko dira.

"Eskaintza segurua, askotarikoa eta, batez ere, udarekin batera herritarrei datorkien erritmo-aldaketarako pentsatua" dela azaldu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek, eta indarrean dauden osasun neurrietara egokitu dute. "Gainera, aukera erakargarriak proposatzeko helburua du, bai kirol ohitura handia dutenentzat, bai urtearen gainerakoan kirola egiteko aukerarik izan ez dutenentzat".

JARDUERAK GIZARTE ETXEETAN ETA KIROL INSTALAZIOETAN

Gizarte etxeetako, kiroldegietako eta Mendizorrotza zein Gamarrako esparruetako udako kirol-jarduerek 259 ikastaroko programa bat osatuko dute, eta guztira 5.534 plaza eskainiko dira kanpaina horretan, uztailetik irailera bitartean.

Ikastaro horietatik, 201 hilabetekoak izango dira eta beste 58 hamabost egunekoak:

  • Hilabeteko ikastaroak: aquagym, aquaerobic, sasoia lantzea, luzaketak, mantentze-gimnasia, padela, tai jia eta yoga, besteak beste.
    • Uztailean: 3tik 30era bitartean.
    • Irailean: 1etik 28ra bitartean.
  • Hamabost egunekoak: padela, tenisa, haurrentzako erraketa-jokoak, hondartza-boleiboleko ikastaroak eta igeriketa estiloetakoak.
    • Uztailaren lehen hamabostaldian: 3tik 16ra bitartean.
    • Uztailaren bigarren hamabostaldian: 17tik 30era bitartean.
    • Irailaren lehen hamabostaldian: 1etik 14ra bitartean.
    • Irailaren bigarren hamabostaldian: 15etik 28ra bitartean.

Jarduera horietan izena emateko epea ekainaren 9an hasiko da, 8:30etik aurrera. Mendizorrotzeko kirol esparruan programatutako jardueretan, Udalaren kirol instalazioetako abonamendua duten pertsonek baino ezingo dute eman izena. Gamarran progamatuetakoetan, ordea, abonamendua dutenek zein udako abonamendua dutenek eman ahal izango dute izena.

JARDUERA NAUTIKOAK

Udako hilabeteetarako kirol nautikoen hastapen jardueren eskaintza ere aurkeztu du Kirol eta Osasun Sailak. 2020an ezin izan ziren jarduera horiek programatu, baina aurten, guztira, 54 ikastaro eta 392 plaza eskainiko dira. Jarduera guztiak Vitoria Klub Nautikoan egingo dituzte, Uribarri-Ganboan.

Ekainaren hirugarren astetik abuztuaren amaierara arte iraungo dute, eta bost espezialitatetan banatuko dira:

  • Kanoa-kayak
  • Belarako hastapenak
  • Windsurfa
  • Haurrentzako bela (optimist)
  • Stand up paddle surfa

Programa honetan izena emateko epea maiatzaren 31n hasiko da. Nahitaezkoa da igeri egiten jakitea eta ikastaroa hasten den unean 11 urte izatea, gutxienez. Belarako hastapen-ikastaroan 16 urtekoa izango da minimoa; haurrentzako bela-ikastaroa, berriz, 7 eta 15 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago.

55 URTETIK GORAKOENTZAKO IBILBIDEAK

Azkenik, uda honetarako Gasteizko Udalak antolatu duen kirol programazioaren hirugarren blokea 55 urtetik gorakoentzako natura-inguruetako irteerak dira, pertsona horiek mendira eta hurbileko eremu naturaletara gerturatzeko helburuarekin.

Hamabost rteerak ekainaren 7tik uztailaren 1era bitartean egingo dira, eta gehienez 50 lagunentzat izango dira, astelehenetik ostiralera.

Zailtasunaren arabera sailkatuta daude, eta honako mendi hauetara igoko dira: Lendiz, Alto de las Neveras, San Kilitz, Balsa de Otazu, Zaldiaran, Pikozorrotz, Egaña-Paleton eta Basotxo. Ibilbide guztiak zirkularrak dira, 8 eta 14 kilometro bitartekoak. Irteera ordua kasu guztietan 9:30ean izango den arren, topalekua ibilbidearen arabera aldatuko da.

Izen-emateak irteera bakoitza baino zazpi egun lehenago hasi eta irteera baino bi egun lehenago itxiko dira. Izena ematen dutenei ibilbideari buruzko informazio osoa emango zaie eskura.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide