Maiatzaren 24an ospatzen da Bakearen eta Armagabetzearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Euskal Herriko feminista antimilitaristak kalera atera dira aurten ere, "gerra, horren arrazoiak, ondorioak eta, batez ere, emakumeen eta neskatoen gorputzen gainean dituzten ondorio suntsitzaileak" salatzeko. Gainera, deialdietan egindako ekintzekin, gizarteak berak gerra horietan duen "zuzeneko inplikazioa" azaleratu nahi izan dute.
Armiarma talde feminista antimilitaristak, Emakumeok Gerraren Aurka ekimenak eta Emakumeen Etxea Blokeak deitu dituzte protestak EAEko hiriburuetan, baita Gasteizen ere.
Andra Mari Zuriaren Plazako protestan, ehun pertsona baino gehiagoren begiradapean, emakume antimilitaristek sokatira berezi bat antzeztu dute, gerraren aurka: "Arrazoi eta bihotzarekin garaitu eta konbentzitu ditugu militarrak, aurrekaririk gabeko sokatira batean. Heriotza eta botere posizioen aurrean alternatibak eraikitzen ditugu bizitza politikaren eta sistemaren erdigunean jarriz", azaldu dute.
Gainera, gizartearen militarizazioa "gero eta handiagoa" dela salatzeko, Loma Jeneralaren Plaza eta General Alava kaleak berrizendatu dituzte Greenham Common Emakumeak izenarekin, 1981tik 2000ra bitartean arma nuklearren aurka Ingalaterran egindako protesta luzearen omenez. "Ez dugu militarrik nahi ez gure kaleetan, ez gure unibertsitateetan, ez gure erakundeetan; ez dugulako nahi hilko gaituen gerrarik, ezta zapalduko gaituen bakerik ere", aldarrikatu dute.